Esklerozi anizkotza duten pertsonetzat Bizkaiko lehenengo egoitza eraiki dute Bilbon

Actualizado: lunes, 28 marzo 2011 18:45

BILBO, 28 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiak esklerosi anizkoitza edo antzeko beste ezintasun fisiko batzuk dituzten pertsonentzako lehen egoitza eraiki du Bilbon. Zentro berriak mendekotasun maila handia duten eta eguneroko jarduerei ekiteko beste pertsona batzuen laguntza behar duten pertsonek hartuko dituzten 16 plaza ditu; plaza horietarik 12 esklerosi anizkoitzak jotako pertsonentzat dira, eta gainerako lauak, berriz, beste ezintasun fisiko batzuk dituzten pertsonentzat.

Bizkaiko Foru Aldundiak Torreurizar taldearen eraikin batean eraiki du egoitza. Eraikin hori Bilboko Gotzaintzari alokatu zaio eta zeharo zaharberritu behar izan da, eta hori egiteko behar izan den inbertsioa 2,5 milioi eurokoa izan da.

Eraikinak, guztira, lau solairu ditu, eta guztirako azalera 1.300 metro karratukoa da. Beheko solairua zerbitzu orokorretarako erabiliko da, eta gainerako bietan, berriz, gelak egongo dira. Eskaintzen dituen plazetatik 15 behin betiko sarrera duten pertsonentzat xedaturik daude, eta bestea aldi baterako egonaldietarako erabiliko da, familiei laguntza-egitarauak eskaintzeko eta, horrez gain, senitartekoek atseden har dezaten.

Zentro berria Esklerosi Anizkoitzaren Bizkaiko Elkarteak (ADEMBI) kudeatuko du. Esklerosi anizkoitza nerbio-sistemaren endekapenezko gaixotasuna da. Pertsona heldu gazteen arteko gaixotasun neurologikorik arruntena da eta, oro har, 18 urtetik 35 urtera diagnostikatu ohi da. Gaixotasun kronikoa da eta bizi-kalitatea mugatzen duten arrastoak utz ditzake, eta horregatik du gizartean, hain zuzen ere, horren oihartzun handia.

Egoitza berriak "errehabilitazio integralari" doakion abiaburua oinarri duen laguntza-eredua eskainiko du, era guztietako ezintasunek eragiten dituzten beharrizanei erantzun egokia eman asmoz; horrez gain, eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak burutzen laguntzeko behargin adituak izango dira bertan (ohetik altxatzea eta oheratzea, garbitasuna, janztea, higienea, elikadura, joan-etorriak...), ahalik eta autonomia-gradurik handiena sustatzearen kalterik gabe.

Eskainiko diren zerbitzuen artean ondoko hauek dira aipagarrienak: errehabilitazio kognitiboa, fisikoa, psikologikoa eta logopedikoa, bizitzako oinarrizko jardueren entrenamendua eta aisialdiko jarduerak.