Eskola Digitalaren IV. Topaketak egingo dira otsailaren 21ean eta 22an, Bilbon

Ikasleak gelan, ordenagailuekin
Europa Press
Actualizado 2018/02/12 12:29:01 CET

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

HEIZE (Bihe-Sarean) federazioak eta EHIGE konfederazioek Eskola Digitalaren IV. Topaketak egingo dituzte Bilboko Occidental Bilbao hotelean, otsailaren 21 eta 22an. Bi federazioek euskal eskola publikoaren digitalizazioan laguntzeko sortu zuten Eskola Digitala proiektuaren alderdi garrantzitsua dira topaketak, eta Euskal Eskola Publikoak digitalizaziorantz egin behar duen ibilbideaz hausnartzeko eta ikastetxeen ezagutza digitala hobetzeko asmoz antolatu dira.

Horrela, hezkuntza arduradunen, zuzendaritza taldeen, IKT dinamizatzaileen, irakasleen, gurasoen, aholkularien, enpresen eta abarren topaleku izango dira topaketak, beste behin, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Ikuspegi horretatik, eduki anitzek osatuko dute topaketen egitaraua, eta agintarien hitzaldiak, adituen aurkezpenak, ikastetxeen esperientziak, enpresen proiektu pedagogikoak eta tailer didaktikoak, argitaletxeen material aurkezpena, eta ekipoen eta materialen erakusketak entzuteko, ezagutzeko eta partekatzeko aukera izango da.

Besteak beste, Aduna Eskola Txikia, Orokieta Herri Eskola, Koldo Mitxelena BHI eta Lizardi BHIko kideek beren ikastetxeetan digitalizazioaren inguruan egindako esperientzien berri emango dute. Sortutako erronken aurrean topatu dituzten erantzunak eta aurrera begirako helburuei buruz ariko dira.

Horrela, hizlari ariko dira Fernando Trujillo Sáez Granadako Unibertsitateko irakasle eta IKT, kulturartekotasun, hizkuntzen irakaskuntza eta hezkuntzan aditua eta Marc Sanz López Europa hegoaldeko Google for Education ekimenaren arduraduna. Halaber, 15 informatika enpresa, hezkuntza eduki eta gestio plataforma eta argitaletxe baino gehiagok beren produktuak aurkezteko parada izango dute.

Euskaltel eta Epson dira jardunaldien babesle nagusiak, formakuntzako bi eremurekin. Horrekin batera, stand zone delako bat izango da, enpresa ezberdinen gailu digital, produkzio teknologiko zein argitaletxeen gela eta ikastetxerako azken berriak ikusteko.