Eskola garraioa kontrolatu eta zaintzeko urteko bigarren kanpaina egingo da datorren astean Bilbon

Actualizado: viernes, 21 noviembre 2014 12:24

BILBO, 21 Nov. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaltzaingoak hiriko kaleetan eskola garraioan dabiltzan ibilgailuak kontrolatzeko eta zaintzeko bigarren kanpaina egingo du datorren aste osoan zehar. Kanpaina Euskadiko Bide Segurtasuneko Plan Estrategikoaren barruan dago, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

Ekimen horren bidez, ikasleen garraioa zein baldintzatan egiten den aztertu eta Bilboko Udalak baimendutako ibilbideak eta geralekuak egokiak direla ziurtatu nahi da. Era berean, eskola garraioan ari diren ibilgailuak zorrotz kontrolatu nahi dira.

Horretarako, Udaltzaingoak bi motako azterketak egingo ditu kanpainak irauten duen bitartean. Lehenengoan administrazio arloko kontrola egingo du, alegia, ibilgailuen eta gidarien baimenak eta agiriak (gidabaimena eta alkoholemia proba, besteak beste) eskatuko dituzte; eta bigarrenean arreta berezia jarriko zaie zerbitzua ematen duten autobusen ezaugarriei, eskola umeen segurtasuna bermatze aldera. Udaltzainek arau hausteren bat egin dela ikusten badute, salaketa jarriko dute.

Era berean, kontrolak egiten dituzten udaltzainek ziurtatuko dute eskola garraioan dabiltzan autobusek hirian egiten dituzten ibilbideak eta geralekuak Bilboko Udalak baimendutakoak direla.

Bilboko Udaltzaingoko Trafikoko Atalak lortzen dituen datuekin taulak egingo dira, estatistikak osatzeko, eta horretarako, aldez aurretik ezarritako adierazle jakin batzuetara egokituko dira.