Eskola garraioa kontrolatzeko kanpaina egingo da datorren astean Bilbon

Udaltzainak Bilbon
BILBOKO UDALA
Actualizado: viernes, 3 marzo 2017 13:57

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udaltzaingoak hiriko kaleetan eskola garraioan dabiltzan ibilgailuak kontrolatzeko eta zaintzeko kanpaina egingo du datorren astean, Euskadiko Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Segururako Plan Estrategikoaren baitan. Ekimenaren bidez aztertu nahi da ikasleen garraioa zein baldintzatan egiten den eta Bilboko Udalak baimendutako ibilbideak eta geralekuak egokiak direla ziurtatu. Era berean, eskola garraioan ari diren ibilgailuak zorrotz kontrolatu nahi dira.

Horretarako, Bilboko Udaltzaingoak bi azterketa mota egingo ditu kanpainak irauten duen bitartean. Lehenengoan administrazio arloko kontrola egingo du, alegia, ibilgailuen eta gidarien baimenak eta agiriak (gidabaimena eta alkoholemia proba, besteak beste) eskatuko dituzte; bigarrenean arreta berezia jarriko zaie zerbitzua ematen duten autobusen ezaugarriei, eskola umeen segurtasuna bermatze aldera. Udaltzainek arau hausteren bat egin dela ikusten badute, salaketa jarriko dute.

Era berean, kontrolak egiten dituzten udaltzainek ziurtatuko dute eskola garraioan dabiltzan autobusek Bilbon egiten dituzten ibilbideak eta geralekuak baimendutakoak direla, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

Bilboko Udaltzaingoko Koordinazioaren eta Trafikoaren Atalak lortzen dituen datuekin taulak egingo dira, estatistikak osatzeko. Horretarako, aldez aurretik ezarritako adierazle jakin batzuetara egokituko dira. Joan den urtean, apirilean eta azaroan egindako kanpainetan, Bilboko Udaltzaingoak ikastetxeetako 16 autobusi kontrolak egin zizkien eta ez zuen salaketarik egin.