Eskolan eta familian "sareko jarduera osasuntsua eta segurua" sustatzeko programa abiatu du Bilboko Udalak

Gaztetxo bat sakelakoarekin
THINKSTOCK
Actualizado: viernes, 16 febrero 2018 13:58

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak "NAHIkt" programa jarri du abian, Osasun eta Kontsumo Saileko Drogamenpekotasunen Prebentzioaren arloko taldearen bidez, eskola eta familia inguruetan "sareko jarduera osasuntsua eta segurua" sustatzeko. Programa 62 ikastetxe publikori eskaini zaie, eta dagoeneko 42 parte hartzen ari dira.

Udal arduradunek zehaztu dutenez, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleentzat eta haien gurasoentzat dira programaren baitan antolatzen diren tailerrak. Internet, eskuko gailuak eta sare sozialak arriskurik gabe eta gehiegizko erabilerarik gabe erabiltzen ikasiko dute.

Parte hartzaileek hainbat arlori buruzko oinarrizko jarraibideak ikasiko dituzte, hala nola sareko segurtasunari, Interneteko legez kanpoko ohiko ekintzei eta horien ondorioei buruzkoak, ziberbullying eta prebentzioa eta, azken batean, zelan saihestu arazoetan sartzea eta zer egin horrelakoetan nahastuta egonez gero.

Bilboko Udalak azaldu duenez, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legearen 13. artikuluan ezarritakoaren arabera, herri administrazioek prebentziozko neurriak ezarriko dituzte, dagozkien eskumenen esparruan eta, oso bereziki, osasunaren, gizarte zerbitzuen eta hezkuntzaren sistemetan, herritarrak sentsibilizatu eta informatzeko.

Gauzak horrela, "NAHIkt" edo "Neurria Adimenarekin Hartu IKT-ei" programaren helburu nagusia da Bilboko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek Internet, eskuko gailuak eta sare sozialak "modu arduratsuan eta osasuntsuan" erabiltzen ikastea.