Eskualdeek zuzendu dezaketen Europako industria politika defendatu du Jaurlaritzak Bruselan

Actualizado: lunes, 20 octubre 2014 18:25

BILBO, 20 Oct. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapiak Europako Batzordeak antolatu duen klusterren eta lehiakortasunari buruzko Europako biltzarrean hartu du parte gaur, Bruselan, eta eskualdeek zuzendu dezaketen Europako industria politikaren alde egin du bertan.

Enpresa eta Ekintzailetzako Europako batzordekide Fernando Nelli Feroci eta Frantziako Industria Ministerioko zuzendari nagusi Allain Schmitt ere izan dira biltzarrean. Euskadi Europako eskualde lehiakorrenen artean izan da, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

Tapiak bere agerraldian aldarrikatu du Europar Batasuneko maila instituzional guztiek industria politika zorrotzak defendatu beharko lituzketela, munduko ekonomian lehiakortasun handiagoa izateko, hau da, industria aurreratuenaren alde egin dezala, "Vanguard" europar ekimenarekin bat egin duten eskualde guztiek, Euskadik tartean, liderraren eta eragilearen funtzioa egiten baitute.

Euskadiren eredu ekonomikoari dagokionez, Europako Batzordeak "eredugarritzat" jo du, industriak egitura ekonomikoan duen garrantziagatik eta 1990eko hamarkadatik bultzatu dituen klusterren politikengatik. "Erdi eta goi mailako jarduera teknologikoaren bidez, une erabakigarria da Euskadi balio handiagoa bilatzen saia dadin", adierazi du Tapiak.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua Euskadiko kluster politikaz aritu da, eta 1990eko hamarkadako helburua abantaila lehiakorrak sortzea zela nabarmendu du. Hala, bere esanetan, politika horren arrakastari esker, azken 30 urteetako BPG handitu egin da; horrenbestez, gaur egun per capita BPG onena duten Europako eskualdeen %5aren artean dago Euskadi.

Dena den, 2014 hausnartzeko eta aldatzeko momentu txarra dela esan du Tapiak, Euskadiko ekonomian garrantzia izan arren, fabrikazio industria txikitu egin baita 2008an krisia hasi zenetik, eta gaur egun BPGan duen garrantzia 2005ean baino %6 gutxiago da.

BASQUE INDUSTRY 4.0

Tapiak azpimarratu du industriako eraldaketarekin lotutako erronkei egin behar zaiela aurre, adibidez, "garrantzia berreskuratzea eta etorkizunean eskualde industrial izaten jarraitzea, bai eta intentsitate teknologikoa handitzea ere, balio erantsi handiagoko eta Euskadirako potentzial handiagoa duten jardueretara eginez". Horri guztiari Basque Industry 4.0 deitu dio sailburuak.

"Erdi eta goi mailako jarduerek duela zenbait urte baino errendimendu handiagoa lortu dute. Hala, 2008. urtearekin alderatuz hazi diren jarduera guztiak erdi eta goi mailako intentsitatekoak dira: farmaziako produktuena, informatika eta elektronika, garraio ekipoena eta makineria eta ekipo ondasunena", azaldu du.

Tapiak Europako erakundeetako ordezkarien aurrean azaldu duenez, Euskadiko espezializazio adimenduneko estrategiak erronka horiei guztiei egin nahi die aurre. Espezializazio adimenduna, gainera, fabrikazio aurreratuari lotutako lehentasuna da arlo guztietarako. Funtsezko arlo sektoriala da, energiarena bezala, bai eta dibertsifikazio arlo baten konpromisoa ere, teknologia handiko eta hazteko gaitasun handiko negozio baten bila, biozientziak kasu.

"Testuinguru horretan ari gara kudeatzen kluster politikaren egokitzapena, gainerako estrategiekin koordinatzeko, adibidez espezializazioarenaz. Horregatik, klusterrak osatzen dituzten enpresen lankidetza hobetu nahi dugu, haien errendimendua handitu ahal izateko, eskualde mailako izaeratik bultzatuz. Beraz, espero dugu klusterrak ezinbestekoak izatea espezializazio adimenduna garatzen, beren ezagutza arloak garapen eta hazkunde aukerei erantzuteko eraginkorrenak izango baitira", azaldu du.

Amaitzeko, Europako politikak aldarrikatu ditu. "Badakigu aldaketa esanguratsuak egin behar direla gure kluster politika eta RIS3 estrategia bateratzeko, arrakasta lortzeko Europako lankidetza markoa behar dugula, baina ziur gaude gure eskualdea erronka horri aurre egiteko prest dagoela", ziurtatu du.