Esportazioak %1,3 eta inportazioak %3 murriztu ziren 2015ean EAEn

Esportazioak eta inportazioak behera EAEn 2015ean
Europa Press
Actualizado: miércoles, 2 marzo 2016 11:13

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) esportazioek %1,3ko jaitsiera izan zuten 2015. urtean, eta inportazioek %3koa. Kanpo saldoak hobera egin zuen iaz 2014. urtearen aldean, eta superabita 5.134 milioi eurokoa izan zen, Eustat Estatistikaren Euskal Erakundeak emandako datuen arabera.

   Zehazki, esportazioak 21.955 milioi eurokoak izan ziren joan den urtean, 2014an baino ia 289 milioi gutxiago, eta ondasun ez energetikoen esportazioak %1 gehitu ziren. Inportazioak, aldiz, 16.822 milioi eurokoak izan ziren, 526 milioi gutxiago, eta inportazio ez energetikoek %14,1eko gehikuntza izan zuten.

   EAEko hiru herrialdeen bilakaerei dagokienez, denetik izan zen 2015ean: Araban eta Gipuzkoan bi fluxuek goraka egin zuten, eta Bizkaian biek beheraka. Horrela, esportazioak %0,2 igo ziren Araban, eta %1,7 Gipuzkoan, baina %4,5 jaitsi Bizkaian; inportazioak %11,1 gehitu ziren Gipuzkoan eta %31,4 Araban, baina %14,5 murriztu Bizkaian.

   Europar Batasunera (EB) egindako esportazioak %0,9 gehitu ziren EAEn 2015ean, eta handik etorritako inportazioak %5,5. Esportazioen gehikuntza nagusiak, Italiara (%16,9), Erresuma Batura (%6,8) eta Frantziara (%5,6) izan ziren, eta inportazioetan, Alemaniatik (%20,6), Erresuma Batutik (%15,1) eta Frantziatik (%11,7) egindakoak nabarmendu ziren.

   EBtik kanpora, esportazio gehiago egin ziren Mexikora (%12,2) eta Amerikako Estatu Batuetara (%0,7), eta gutxiago Txinara (%-30,5). Txinatik egindako inportazioak nabarmen gehitu ziren (%25,1), eta Errusiatik egindakoak nabarmen jaitsi (%-47,4).