Esportazioak %20,1 eta inportazioak %12,1 igo ziren EAEn 2011. urtean

Esportazioak eta inportazioak igo egin ziren 2011n EAEn
Foto: Europa Press
Actualizado: lunes, 5 marzo 2012 10:47

Azken hiruhilekoan %24,8 igo ziren esportazioak eta %2,8 jaitsi inportazioak

   BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) esportazioak 21.077 milioi eurokoak izan ziren 2011. urtean, hau da, aurrekoan baino %20,1 gehiago. Aldi berean, inportazioek %12,1eko hazkundea izan zuten. Bien portaeraren ondorioz, esportazio guztiek inportazioen aldean izan duten estaldura-tasa 8 puntu igo da: 2010. urtean %115 izan zen eta 2011. urtean %123. Halaber, 2011ko superabita 3.967 milioi eurokoa izan zen, hau da, aurreko urtean baino 1.678 milioi euro gehiago, Eustaten datuen arabera.

   Produktu ez-energetikoen saldoa aurreko urtekoa baino hobea izan zen, 7.599 milioi eurokoa (2010ean 6.079 milioikoa izan zen), hain zuzen ere. Halaber, produktu ez-energetikoen estaldura-tasa 7,3 puntu igo zen: 2010ean %161,1ekoa izan zen eta 2011n %168,4koa.

   EAEn esportazioek eta inportazioek Estatu osoan baino hazkunde handiagoa izan zuten. Estatuan, esportazioek %15,4 egin zuten gora, eta EAEn %20,1. Inportazioekin antzeko zerbait gertatu zen: Estatuan %9,6ko hazkunde-tasa izan zen eta EAEn %12,1ekoa.

   Muga-zergak aztertuta, bolumen handiena izan zutenen artean 2011. urtean hazkunderik handienak izan zituztenak honako ataletako esportazioak izan ziren: metalak eta horien manufakturak (%14,8), garraio-materiala (%15,3) eta material elektrikoa (%16,6). Hiru muga-zerga hauek EAEko esportazioen %67 hartu zuten. Gainerako muga-zergetatik gehienetan ere hazkunde handiak izan ziren, pisua eta garrantzia aintzat hartuta, besteak beste, hauetan: produktu mineralak (%55,9) eta plastikoak eta kautxua (%37,6).

   Inportazioei dagokienez, muga-zerga gehienetan izan ziren hazkundeak, hala nola produktu mineraletan (%13,0) eta metaletan eta horien manufakturetan (%13,5). Bi muga-zerga hauek EAEko inportazio guztien %58 hartu zuten. Plastikoen eta kautxuaren atalak %37,7ko hazkundea izan zuen eta material elektrikoa aurreko urteko maila berean geratu zen, %0,9 haziz.

   Joan den urtean, esportazioetan hazkunderik handiena izan zuen lurraldea Araba izan zen (%29,6ko hazkundea urtean), gero Gipuzkoa (%18,6) eta azkenik Bizkai (urte batetik bestera %15,9ko hazkundea). Inportazioei dagokienez, hiru lurralde historikoetan izan ziren hazkunde nabarmenak: Araban %16,9, Bizkaian %12,9 eta Gipuzkoan (%6,4).

AZKEN HIRUHILEKOA

   Bestalde, esportazioek %24,8ko hazkunde nominala izan zuten 2011ko laugarren hiruhilekoan, eta 5.803 milioi eurora iritsi ziren, aurreko urteko epe berean 4.649 milioira heldu ziren bitartean. Inportazioek, aldiz, %2,8ko beherapen nominala izan zuten eta guztira 3.949 milioi eurora iritsi ziren. Inportazio ez-energetikoak bakarrik kontuan hartuta, aztertutako aldian %4,4ko hazkundea eta 2.743 milioi euroko balioa izan zuten.

   Esportazioen saldo garbia ken inportazioak positiboa izan zen iazko laugarren hiruhilekoan; ondorioz, 1.854 milioi euroko merkataritza superabita izan zen eta esportazioen estaldura-tasa inportazioen aldean %146,9koa izan zen. Hala ere, inportatu eta esportatu diren produktu energetikoak alde batera utzita, merkataritzako saldo ez-energetikoak superabit askoz handiagoa izan zuen, 2.133 milioikoa (2010eko laugarren hiruhilekoan baino 565 milioi gehiagorekin). Aztertutako aldian, estaldura-tasa ez-energetikoa %159,6koa izan zen 2010ean eta %177,8koa 2011ko laugarren hiruhilekoan.

   Europar Batasunerako ziren 2011ko laugarren hiruhilekoko esportazioak %34,4 hazi ziren, 2010eko aldi beraren aldean. Urtetik urterako bolumena eta hazkundea aintzat hartuta, esportazio horien artean honakoak azpimarratu daitezke: Frantziarakoak (%86,4), Alemaniarakoak (%14,9) eta Erresuma Baturakoak (%44,3). Italia (-%10) eta Belgikari (-%2,9) dagokienez esportazioek tasa negatiboak izan zituzten. EB-27tik kanpo, nabarmentzekoa da hurrengo herrialdeetarako esportazioak gehitu egin zirela: Iran (%287,2), Mexiko (%55,8), Venezuela (%40,0) eta Txina (%30,8).

   Europar Batasunetik etorritako inportazioak %6 gehitu ziren; horien artean, bolumena eta urte arteko hazkundea oinarritzat hartuta, inportazio hauek gehitu ziren: Alemania (%17,8), Italia (%13,5) eta Belgika (%38,5). Erresuma Batutik etorritako inportazioek, aldiz, behera egin zuten (-%4,9). Munduko gainerako herrialdeei dagokienez, Indiatik (%342,7), Irandik (%199,6), Amerikako Estatu Batuetatik (%121,5) eta Mexikotik (%67,1) etorritako inportazioak izan ziren nagusi.

   Muga-zergak aztertuta, eta esportazioei dagokienez, produktu mineralak izeneko atala nabarmendu zen; atal hau garrantzitsuenen artean dinamikoena izan zen, %104,8ko hazkundea izan zuen eta hiruhileko horretako esportazio guztien %16 hartu zuen. Gainerako atal garrantzitsuenen artean hauek azpimarratu behar dira: garraio-materiala, %25,7ko hazkundearekin eta esportazio guztien %20 hartuta, eta material elektrikoa, %25,4ko hazkundearekin eta esportazioen %21 hartuta.

   Inportazioak aztertzean, eta pisu espezifiko handiena dutenak aintzat hartuta, honako beherapenak eman dira: produktu mineralek %15,8 egin zuten behera (inportatu den guztiaren %30,5) eta metalak eta horien manufakturak %6,2 (guztirakoaren %21). Gainerako atal garrantzitsuenak aztertuz, plastikoak eta kautxua (%38,8), produktu kimikoak (%38,2) eta garraio-materiala (%23,6) delakoen inportazioek urte batetik bestera izan zituzten hazkundeak azpimarratu behar dira.

LURRALDEAK

   Esportazioek Bizkaian izan zuten urtetik urterako hazkunderik handiena. Lurralde horretako hazkundea %28,2koa izan zen 2011ko laugarren hiruhilekoan, eta batez ere muga-zerga garrantzitsuenetan eman ziren: produktu mineralak (%106,3), metalak eta horien manufakturak (%8,9) eta plastikoak eta kautxua (%27,1); beste aldean, material elektrikokoak behera egin zuten (-%5,7). Inportazioek %7,9 egin zuten behera, eta horien artean batez ere honako muga-zergetakoek: produktu mineralak (-%16,5), metalak eta horien manufakturak (-%8,7) eta material elektrikoa (-%4,6).

   Gipuzkoako esportazioak %24,4 hazi ziren, aurreko urteko aldi beraren aldean. Lurralde historiko honetan esportazioek izan zuten hazkunde hori, batez ere garraio-materialek (%46,2), material elektrikoak (%37,8) eta metalek eta horien manufakturek (%10,1) salmentetan izan zuten portaera onaren ondoriozkoa izanzen. Guztira, hiru atal horiek lurraldeko esportazio guztien %83 hartu zuten. Inportazioek ia ez zuten urte batetik bestera aldaketarik izan (%0,5). Muga-zerga nagusi biek portaera ezberdinak izan zituzten: material elektrikoaren inportazio kopurua %5,9 igo da baina metalen eta horien manufakturen inportazio kopuruak %10,1 egin zuen behera.

   Azkenik, Arabako esportazioek %19,7 egin zuten gora iazko laugarren hiruhilekoan. Material elektrikoaren (%36,8), garraio-materialaren (%26,6) eta plastikoen eta kautxuaren (%21,9) esportazioak izan ziren hiruhileko honetako esportazioen hazkundeari gehien lagundu ziotenak. Arabako inportazioek %14,3 egin zuten gora; inportatzen duten bi atal garrantzitsuenen artean, material elektrikoak %17,3 hazi ziren eta metalak eta horien manufakturak %4,8 jaitsi.