BILBO 24 May. (EUROPA PRESS) -
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) esportazioek %4,4ko jaitsiera nominala izan duten 2013. urteko lehen hiruhilekoan. Guztirako esportazioak 4.779 milioi eurokoak izan dira, iazko 4.997 milioien aldean, Eustaten datuen arabera.
Bestalde, Euskadiko inportazioak %3,1 hazi dira nominalki urteko lehen hiru hilabeteetan, eta 3.895 milioi eurokoak izan dira guztira. Inportazio ez-energetikoak (2.388 milioi) %7,4 gutxitu dira aldi berean.
Saldo garbia positiboa izan da, eta 884 milioiko superabita izan da. Esportazioen inportazioen gaineko estaldura tasa %122,7 izan da. Produktu energetikoak kenduta, merkataritza-saldo ez-energetikoak ia 2.040 milioiko superabita izan du, 2012ko lehen hiruhilekoan baino 43 milioi gutxiago. Estaldura-tasa ez-energetikoa 2012ko %180,8tik 2013ko %185,4ra pasatu da.
Europar Batasunera eginiko esportazioak %9,8 gutxitu dira 2012ko aldi beraren aldean, eta esportatutakoaren %62,3 izan ziren, hau da, %3,8 gutxiago. Ondoko herrialdeetara eginiko esportazioen gutxitzea nabarmendu da: Frantzia (%-8,5), Alemania (%-4,7), Erresuma Batua (%-19,2), Italia (%-8,0) eta Portugal (%-31,3). 27-EBtik kanpo, hazkundeak izan dira AEB (%67,3), Brasil (%18,2) eta Txinara (%1,9) egindako esportazioetan.
Halaber, Europar Batasunetiko inportazioak %7,2 murriztu dira, eta garrantziagatik eta urte arteko jaitsieragatik hurrenho herrialdeak nabarmendu dira: Alemania (%-5,7), Frantzia (%-7,9) eta Italia (%-11,9). Munduko gainerakoari dagokionez, Errusia (%178,3), Mexiko (%19,3) eta Aljeriatik egindako inportazioak hazi egin dira, denak energetikoak, eta murriztu AEBetatik (%-58,9) eta Txinatik (%-11,8) egindakoak.
Muga-zergen sekzioen arabera, esportazioei dagokienez, 21 sekzioetatik 11k hazkundea izan dute eta 11k jaitsiera, garrantzitsuenak azken hauetan pilatuz, guztiaren %84. Jaitsiera dutenen artean ondokoak nabarmendu dira: Garraio materiala (%-7,8), Material elektrikoa (%-6,6), Metalak eta beren manufakturak (%-5,8) eta Plastikoak eta kautxua (%-7,6).
Inportazioetan, pisurik handiena duenak, Produktu mineralak, hazkunde handia izan du, %25,8koa. Metalak eta beren manufakturak egonkor daude eta %0,4 hazi dira. Sekzio garrantzitsuenetako hirutan jaitsiera handiak izan dira: Produktu kimikoak (%-20,6), Plastikoak eta kautxua (%-18,2) eta Garraio-materiala (%-15,5).
LURRALDEAK
Bestalde, lurraldeka, esportazioen jaitsierarik handiena Gipuzkoan izan da, %12koa, batez ere pisu handidun sekzioetan: Garraio-materiala (%-29,6), Metalak eta beren manufakturak (%-16,8) eta Material elektrikoa (%-2,7). Gipuzkoako inportazioak %2,8 gutxitu ziren: Material elektrikoa (%-10,4) eta Garraio-materiala (%-16,5); Metalak eta beren manufakturak, aldiz, handitu egin ziren (%6,6).
Arabako esportazioak %8,4 gutxitu dira, sekzio garrantzitsuenetan jaitsiera handiak izan baitira: Metalak eta beren manufakturak (%-21,6), Material elektrikoa (%-18,4), Garraio-materiala (%-7,8) eta Plastikoak eta kautxua (%-7,5); elikagaietan %23,7ko igoera izan da. Inportazioak %13,8 gutxitu ziren: Material elektrikoa (%-10,6), Metalak eta beren manufakturak (%-27,9), Garraio-materiala (%-15,8) eta Plastikoak eta kautxua (%-4,1); produktu kimikoetan %10,2ko hazkundea izan zen.
Azkenik, Bizkaiko esportazioak %6,1 handitu dira aurreko urteko aldi beraren aldean: Metalak eta beren manufakturak (%13,9), Produktu mineralak (%5,2) eta, batez ere, Garraio-materiala (%44,4). Garrantzitsuenen artean bakarrik gutxitu dira Material elektrikoa (%-7,3) eta Plastikoak eta kautxua (%-12,9).
Inportazioak %9,9 hazi dira Bizkaian, bi sekzio garrantzitsuenak nabarmen hazi baitira: Produktu mineralak (%26,1), inportazioen %58 baitira, eta Metalak eta beren manufakturak (%10,2). Material elektrikoa %3,4 hazi da eta Plastikoak eta kautxua %26,3 gutxitu.