Estarta kooperatiba Danobaten sartu da merkatuan lehiakorrago izateko

Estarta-Danobat
MONDRAGON
Actualizado: martes, 18 enero 2011 18:24

DONOSTIA, 18 Ene. (EUROPA PRESS) -

Estarta eta Danobat kooperatibetako batzar nagusiek Estarta Danobaten sartzea erabaki berri dute, "merkatuan lehiatzeko duten ahalmena areagotzeko". Horrenbestez, enpresa-integrazioaren prozesua ixten da, dimentsioa handitu eta merkatu globalean lehiarako ahalmena hobetzeko helburuarekin. Estarta artezteko makina zentrorik gabeak fabrikatzen ditu, eta 1996an sartu zen Danobat Taldean.

DanobatGroup hainbat markak osatutako taldea izatetik enpresa-taldea izatera igaro da, eta bertan bultzatu dira markarik ospetsuenak, hau da, Danobat eta Soraluce.

Homegeneizatzeko eta integratzeko ahalegin horri esker, orain DanobatGroup-ek ikuspegi bateratua helarazten die bezeroei eta merkatuari, eta, gainera, makina-erremintaren munduko ekoizle nagusien zerrendan 30. postuan kokatu da.

DanobatGroup Mondragon Korporazioko Makina-Erremintaren dibisioa da. Taldeak, oro har, 1.173 pertsona enplegatzen ditu, horietatik 197 atzerriko ekoizpen lantegietan: Newall UK Ingalaterran eta Overbeck eta Bimatec-Soraluce Alemanian. Horrez gain, ordezkaritza komertzialak ditu Frantzia, Italia, AEB, Brasil, Txina, India eta Japonian. Taldearen produktu nagusiak, artezteko makinak, tornuak, zerrak eta zulatzeko unitateak, fresatzeko zentroak, puntzonatzeko eta tolesteko makinak eta trenetarako ekipamendua dira.

Mondragon Korporazioa lau arloren inguruan egituratzen da: Finantzak, Industria, Banaketa eta Ezagutza, eta gaur egun lehenengo euskal enpresa taldea da, eta Espainiako hamargarrena. 2009an 15.000 milioi euro inguruko diru-sarrerak lortu zituen, eta langile taldean batez beste 85.000 pertsona baino gehiago aritu ziren.