Estatuko Aldizkari Ofizialak euskaraz argitaratuko ditu lege mailako Estatuko arauak

Actualizado: martes, 20 septiembre 2011 15:59

BILBO, 20 Sep. (EUROPA PRESS) -

BOE Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialak euskaraz argitaratuko ditu lege mailako Estatuko arauak, Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuko Presidentetzako Ministerioarekin izenpetuko duen lankidetza hitzarmen baten arabera. Gaur onartu du Jaurlaritzaren Kontseiluak lankidetza hitzarmen hori.

1997ko Errege Dekretu batek babesten du hitzarmena. Dekretu horretan ezartzen denez, xedapen orokor horiek autonomia erkidegoetako hizkuntza ofizialetan ere argitaratu ahal izango dira, betiere Erregeak berretsi eta Estatuko Aldizkari Ofizialean gaztelaniaz argitaratutakoan.

Lankidetza hori Presidentetzako Ministerioak, Estatutuko Aldizkari Ofizialaren Estatu Agentziaren bidez, eta Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzako Koordinaziorako Idazkaritza Nagusiak gauzatuko dute. Lege organikoak eta arruntak, errege lege-dekretuak eta legegintzako errege-dekretuak euskaraz argitarazteko beharrezko neurriak abiaraziko dituzte biek batera.

Horrela, eta hitzarmen hau indarrean jartzen denetik aurrera -datozen egunotan izenpetzeko asmoa dago-, euskaraz argitaratuko dira lege mailako Estatuko arauak. Hala ere, sei hilabete igarotzen direnean, interes berezia dutela iritzitako beste xedapen orokor batzuk euskaraz argitaratzeko eskatu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzako sailek.

Euskaratutako xedapenak interneten bakarrik emango dira argitara, betiere BOE digitalaren oraingo formatuarekin. Horretarako, Estatuko Aldizkari Ofizialaren Estatu Agentziak lege mailako testuen gaztelaniazko bertsioak, behar bezala osatuak, irakurriak eta zuzenduak, emango ditu; bestalde, bidaltzen diren testuetariko bakoitzean ziurtatu egingo da oso-osorik dagokiola Estatutuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako bertsioari.

Eusko Jaurlaritzako Idazkaritzako eta Lehendakaritzako Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritza arduratuko da horiek euskaratzeaz eta euskaratu ondoren Estatu Agentziari bidaltzeaz, agentzia horrek formatu digitalean argitara ditzan euskarazko bertsioak.

Gaur onartutako hitzarmena 1998an Kataluniak eta Galiziak eta 2000an Valentziako Erkidegoak izenpetutako hitzarmenen antzekoa da.