Estatuko segurtasun indarrak Euskaditik "ateratzearen" alde agertu da Beltran de Heredia

Actualizado: lunes, 4 febrero 2013 12:51

GASTEIZ, 4 Feb. (EUROPA PRESS) -

Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua Estatuko segurtasun indarrek Euskal Autonomia Erkidegotik (EAE) "ateratzearen" alde agertu da astelehen honetan. Halaber, Ertzaintza Europako Segurtasun Espazioan "erabat" txertatzearen alde azaldu da.

Beltran de Herediak legegintzaldian zehar Eusko Jaurlaritzaren segurtasun politika gidatuko duten kontzeptu, plan eta jarduera nabarmenenak aurkeztu ditu astelehen honetan Eusko Legebiltzarrean, Iñaki Gurtubai Administrazio eta Zerbitzu sailburuordea, Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordea eta Arkauteko Akademiako zuzendari Malentxo Arruabarrena ondoan zituela.

Horrela, agerraldian, Segurtasun sailburuak Euskadin sortzen ari den "errealitate berria" azpimarratu du; izan ere, agertoki berri honetan, "adierazle guztien arabera, badirudi ETA behin betiko geldituko dela, alegia, terrorismo ekintzak planifikatzeko eta egiteko egiturak betiko itxiko dituela".

Beltrán de Herediaren aburuz, testuinguru berri honek "aukera berriak" ekarriko ditu XXI. mendeko Ertzaintza "herritarrengandik gertu eta hurbil egon dadin, hasieran bezala, eta hala, Ertzaintzaren prebentzio eraginkortasuna hobetu egingo da aldaketa sozialek dagoeneko eskatzen dizkiguten erronka berrien aurrean".

Horretarako, Segurtasun Sailak ezarritako xede nagusietako bat Ertzaintzaren Plan Estrategikoa -Horizonte 2016- sortzea da; planak hiru ardatz izango ditu, eta bultzada emango die herritarren segurtasunari, ikerkuntza eta informazioari eta kudeaketa eredua ezartzeari.

Testuinguru honetan, aurreratu du herritarrekin kontaktua izatea sustatuko duela, eta horretarako, Euskadiko kaleetan poliziak duen presentzia areagotu egingo dela. Horrez gain, Ertzaintzako alorren gaur egungo egitura murriztu egingo da eraginkortasuna irabazteko. Bestalde, Ertzaintzako ikerketa egiturei eutsi egingo zaie, eta funtzionamendu eskema balioanitz eta malguagoetara egokituko dira. Halaber, delitu modalitate berezienak ebazteko beharrezko ikerketa espezializatuen ildoak landuko dira.

Ikerketa lan hori eraginkortasunez betetzeko, koordinatzeko eta horretan sakontzeko, Segurtasun sailburuak Ertzaintza eta Eusko Jaurlaritza Europako Segurtasun Espazioan "erabat" txertatzeko eskatu du; izan ere, "espazio horri dagokionez gaur egun bizi dugun bazterketa mehatxu argia da Ertzaintza polizia integral gisa hautemateko". Horrez gain, gaur egungo koiuntura "egokitzat" jo du Espainiako Administrazioari eskaera egiteko Estatuko segurtasun indarrak egokitu eta "atera" ditzan.

Halaber, Ertzaintzaren Plan Estrategikoa -Horizonte 2016- planak bikaintasunerantz aurrera egitea ahalbidetuko duen kudeaketa eredua garatuko duela azaldu du Beltran de Herediak. Horretarako, etengabeko hobekuntza baliatuko da eta herritarren eta profesionalen asmoak modu orekatuan beteko dira.

ARKAUTE

Bestalde, lan ildoen artean, Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren ordezkariak bermatu du Arkaute Poliziaren Euskal Akademia segurtasun integraleko euskal eredu berriaren ildo estrategikoak finkatzeko "jakintza kudeatzeko organo aktiboa" izango dela legegintzaldi honetan.

Beltran de Herediak "oso garrantzitsutzat" jo ditu prestakuntza eta aliantza estrategikoak, bai sail barruan, bai sailetik kanpo, unibertsitateekin edota prestakuntza ikastegiekin; hala, posible izango da jakintza transmititzea, berrikuntza tekniko eta metodologikoa eta ikerkuntza; bidenabar Arkautek berak kanpoaldean duen proiekzioa ere hobetu egingo da.

Segurtasun sailburuak berretsi duenez, "funtsezkoa da etorkizunera begira Arkaute jakintza kudeatzeko gune gisa eratzea, jakintzaren, ikerkuntzaren eta garapen teknologikoaren behatoki gisa, euskal segurtasun ereduari lotutako alderdi guztietan eta uneoro berrituz".

BIDE SEGURTASUNA

Bestalde, Beltran de Herediaik iragarritako Segurtasun Sailaren planen barruan, Bide Segurtasunerako Plan Estrategikoa ere bereizten da. Planak bigarren mailako eta landa eremuetako errepideetan segurtasun estandarrak handitzea bultzatuko du, eta segurtasun neurri zehatzak proposatuko ditu arrisku gehien duten taldeentzat (bereziki oinezkoak, txirrindulariak eta motor gidariak).

Bidenabar, esparruetako segurtasuna bermatzeko kontrolak eta neurriak indartu nahi ditu Segurtasun Sailak, bereziki edukiera handiak izan eta jende andana biltzen dituzten hitzorduak antolatzen dituzten esparruen kasuan. Gainera, udaltzaingoekin kolaboratzeko protokoloak berrikusiko dira, aurreikuspen, kontrol eta babes neurri oro betetzeko.

Azkenik, herritarrentzako informazio eta arreta sistema hobetu egingo da, SOS-Deiak 112 Larrialdien Koordinaziorako Zentroen kudeaketa indartuz, informazio bide berriak ezarriz sare sozialen bitartez eta, tartean, Neguko Bideen Plan Estrategikoa berrikusi eta eguneratu egingo da eta Euskadiko Segurtasun Plan Orokorra idatziko da.