ETAko presoen gizarteratzea autokritikarekin lotuko duen proiektua abiaraziko du Jaurlaritzak

Urkullu eta Fernandez hedabideekin, Zuzendu aurkezten
Foto: JON BERNARDEZ / LEHENDAKARITZA.
Actualizado: miércoles, 1 abril 2015 12:49

GASTEIZ, 1 (EUROPA PRESS)

   ETAko presoen gizarteratzea autokritikarekin lotuko duen proiektu pilotu bat lantzen ari da Eusko Jaurlaritza. Ekimena udal eta foru hauteskundeen ondoren abiaraziko du, "hauteskunde zaratatik ateratzeko", Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzako Idazkaritzako buruak Gasteizen eskainitako gosari informatibo batean iragarri dutenez.

   Hedabideen aurrean egindako agerraldian Zuzendu programa aurkeztu dute biek, "giza eskubideetan autokritikaren pedagogia zabaltzeko" egitasmoa, presoen gizarteratzeko Eusko Jaurlaritzak abiarazitako Hitzeman proiektuari lotuta egongo dena.

   Urkulluk azaldu du autokritika prozesuak "egindako minaren aitortzarekin" lotuta daudela, eta "banaka edo taldean" egin daitezkeela. Bere ustez, beharrezkoa da "batera existitzetik batera bizitzera" igarotzea, "zaila" delako elkarbizitzea, "egindako minaren aitortzaren autokritikarik egiten ez bada".

   Eusko Jaurlaritzak martxan jarriko duen proiektu pilotua datorren maiatzeko udal eta foru hauteskundeen ondoren jarriko da indarrean, "hauteskunde eztabaidaren zaratak" eraginik izan ez dezan.

   Gainera, Zuzendu programaren baitan, Eusko Jaurlaritzak "autokritikaren balio sozial eta politikoa" jorratzeko jardunaldi batzuk sustatuko ditu urtero. Lehen topaketa 2015eko bigarren seihilekoan izango da, eta erakunde "espezializatu eta independente" batek antolatuko du.