ETBko "Go!azen" telesaileko aktoreek haurrei dantzatzen irakatsiko diete igandean Bilbon

"Go!azen Dantzatzera" ekimenaren kartela
BILBOKO UDALA
Actualizado: viernes, 1 abril 2011 13:18

BILBO, 1 Abr. (EUROPA PRESS) -

Bilboko ume eta gazteek "Goazen Dantzatzera" ikuskizun musikalaz gozatzeko aukera izango dute igandean, ETBko "Go!azen" telesail arrakastatsuko antzezleek zenbait koreografia irakatsiko baitizkiete. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak lehen aldiz antolatu dute ekitaldi hau, non umeek eta gazteek ondo baino hobeto pasatu ahalko duten koreografiekin eta kantekin, telesaileko antzezleekin batera arituz.

Antolatzaileek adierazi dutenez, ekimena musika eta dantzaren bidez umeen eta gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko da, bai eta umeen eta gazteen gogokoak diren aisialdiko jarduerak euskaraz eskaintzea ere. Ikuskizuna igande eguerdiko 12:00etan hasiko da, Areatzako kioskoaren atzeko aldean, eta sarrera doakoa izango da.

Horrela, "Go!azen" telesaileko Yago Mateo, Itxaso Paia, Jon Urbieta eta Jokin Ayerregaray antzezleek lau koreografia berri eta dibertigarri nola dantzatu behar diren irakatsiko diete ikuskizunera doazen ume eta gazteei. Gainera, telesaileko euskarazko kanta batzuekin ere gozatu ahalko dute.

Nerea Alias izango da aurkezlea "Goazen Dantzatzera!" ikuskizunean, eta "Go!azen" telesailaren oinarri izandako film musikaleko koreografiaren egilea izan den Josu Mujikak ere lagundu du ikuskizunean.

2008an "Go!azen" film musikala estreinatu zutenetik, eta horretan oinarritutako telesail arrakastatsua gehituta, "Go!azen" fenomeno izugarria izan da. 4 eta 12 urte bitarteko umeen eta gaztetxoen artean lortu duen kuota %42,1ekoa izan da, Euskal Telebistan lehenago inoiz izan ez den bezalako arrakasta lortuz. Arrakasta hain handia izanik, protagonistetan oinarritutako liburu-sorta bat ere argitaratu dute.