ETEentzako finantza baldintzak hobetzeko hitzarmena berritu dute Laboral Kutxak eta Elkargik

Arraiza (ezkerrean) eta Pineda
LABORAL KUTXA
Actualizado: jueves, 18 febrero 2016 15:32

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

   Laboral Kutxa kreditu kooperatibak eta Elkargi elkarrekiko berme elkarteak hobetu egin dute bien arteko aliantza eta indartu egin dute euskal enpresa txiki eta ertainekin (ETE) duten konpromisoa, enpresontzako finantza baldintzak hobetzeko duten hitzarmena berrituz.

   Akordioa ostegun honetan sinatu dute Josu Arraiza Laboral Kutxako Enpresen arloko zuzendariak eta Marco Pineda Elkargiko zuzendari nagusiak. Akordioaren arabera, Elkargiren bermea duten eragiketek honako finantza-baldintza hauek izango dituzte: sei hilabeterako euriborra gehi %1eko interes tasa eta edozein inbertsio mota izatea baldintza horien xede.

   Arraizaren hitzetan, "gaur sinatutako akordioaren bidez, Laboral Kutxak berretsi egin du enpresen segmentuan sartzeko helburu estrategikoa, eta horren lekuko dira 2015eko ekitaldian segmentu horretan lortutako emaitzak".

   Izan ere, finantza kooperatibaren 2015eko balantzeak %1eko hazkundea izan du inbertsiorako finantzaketaren saldo garbietan. Hazkunde hori ezohikoa da azken ekitaldietan, eta horretan zerikusia izan du mailegu eta 'leasing' eragiketen formalizazio berriek aurreko ekitaldiaren aldean izan duten %31ko igoerak.

   Bestalde, Pinedak Elkargiren ekarpena azpimarratu du, horri esker, "enpresak merkatuko interes tasarik lehiakorrenetan finantzatu ahal baitira eta, horrela, bete egin dugu enpresa ertain zein txikien eta autonomoen finantza egitura eta baldintzak etengabe hobetzeko helburua". Hala, gaur egun, bi erakundeek ia 160 milioi euroko zenbatekoa formalizatuta dute indarrean euskal produkzio sareko 650etik gora enpresarekin.

   Horrez gain, bi erakundeak prest agertu dira aurrera begira elkarlanean jarraitzeko, merkatuaren eskakizunei erantzungo dieten finantza aukera eta irtenbide berrien bila.