Etorkizuneko industria "goitik behera" aldatuko duten berrikuntza teknologikoak aurkeztuko dira Bilbon

Actualizado: miércoles, 17 septiembre 2014 13:43
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

   Wolfgang Wahlster Alemaniako Adimen Artifizialeko Ikerketa Zentroko (DFKI) zuzendariak datozen urteetan industriaren produkzioan "iraultza ekarriko duten" teknologia berrietako aplikazio batzuen berri emango du Bilbon urriaren 15ean.

   Wahlsterrek hasiko duen jardunaldiaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) industria enpresak elektronikaren, informazioaren eta komunikazioen teknologien (EIKT) berrikuntzetara egokitzea bilatzen du.

   Eusko Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez, topaketaren izenburua "Basque Industry 4.0. Lantegi adimendua" izango da. Euskalduna jauregian egingo da, goizeko 09:00etatik aurrera, eta puntako enpresetako eta zentro teknologikoetako (Tecnalia, IK4, Danobat, Invema eta Sisteplant, besteak beste) espezialistak bertaratuko dira.

   Jardunaldia Euskadiko Espezializazio Adimendunaren Plan Estrategikoaren barruan dago. Plan horretan, Jaurlaritzak eskualdeetako I+G+B arloko lehentasunak zehazten ditu, baliabideak eta inbertsioak Euskadin gaur egun dauden eta egon daitezkeen produkzio-ahalmenekin sinergiak dituzten lekuetan egiteko.

   Laugarren industria iraultzaren ondorioz, lantegi adimendutzat har daitekeena ari da sortzen. Alemanian, joera horri "4.0 industria" esaten diote. Lantegi adimendua lantegiaren bertsio informatizatua da: prozesu guztiak lotuta daude, eta elkarri eragiten diote. Industria iraultza berriaren erronka nagusiak softwarea garatzea, datuak masiboki aztertzeko eta biltegiratzeko sistemak sortzea, produkzio prozesuetan eta produktuetan sentsoreak eta elektronikoa erabiltzea, eta erabakiak hartzeko beharrezko informazio guztia eskura izatea dira.

   Horrenbestez, errealitate birtualak eta areagotuak, ikusmen artifizialak, robotikak, fabrikazio gehigarriak, 'cloud computing' delakoak eta datuen tratamendu masiboak (Big Data) konpainien epe laburreko lehiakortasuna handituko lukete. Horrez gain, gero eta zorrotzagoa den merkatu batean jarraitzeko bermea ekarriko lukete; izan ere, krisiak erakutsi du zer garrantzitsua den berrikuntza, posizionatzeko eta irauteko.

   "Basque Industry 4.0" jardunaldian bilduko diren adituek azpimarratuko dutenaren arabera, teknologia horiek industria enpresarik aurreratuenen eskura daude, baina, gainera, negozio bakoitzaren behar partikularretara egokituta, inbertsio bideragarria eta bizkor amortizagarria dira, emaitzak hobetzea eragiten baitute.

"INDUSTRIE 4.0"

   Ildo horretan, Wolfgang Wahlsterrek, Alemaniako Gobernuak "Industry 4.0" plana diseinatzeko izendatutako arduradunak, "Industrie 4.0: The Fourth Industrial Revolution based on Smart Factories" gaiari buruzko hitzaldia egingo du.

   Bere hitzaldiaren ostean, teknologia horiek aplikatzen esperientzia duten puntako euskal enpresetako ordezkariek bideragarriak direla erakutsiko dute. Lehen saioan, "EIKTen Joerak 4.0 Industriarako" saioan, joera teknologiko garrantzitsuenetako adituen talde batek hartu du parte.

   Goizeko saioan, mahai inguru batean, "4.0 industriaren erronkak eta aukerak Euskadirako" gaia jorratuko da. Goizeko hitzaldien ondoren, arratsaldean, bertaratutakoek zenbait tailerretan parte hartzeko aukera izango dute; haietan, aurkeztutako teknologia bakoitzaren aplikazioak eta kasuak modu praktiko batean ikusiko dituzte.