Etxebizitzari buruzko Legearen aurreproiektuari egindako oharpenak "oso modu positiboan" baloratu ditu Jaurlaritzak

Etxebizitzari buruzko Lege Aurreproiektuak aurrera darrai
Europa Press
Actualizado: lunes, 5 diciembre 2011 11:38

BILBO, 5 Dic. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak erantzun egin die Etxebizitzari buruzko Legearen aurreproiektuari egindako ekarpen guztiei, hala nola Ekonomia eta Gizarte Arazoetako Batzordeak (EGB), Vitra Euskadik, Concovik, Espainiako Etxebizitzen Kooperatiben Konfederazioak eta Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Nagusiak egindako ekarpenei, eta haietako hainbat bildu ditu legearen testura. Horrela, "oso modu positiboan" baloratu ditu aurkeztutako oharpenak, Etxebizitza Sailak landutako testuak sortu duen interesaren eta eragile ekonomiko eta sozialek erakutsitako konpromisoaren adierazle.

Izan ere, Jaurlaritzaren ustez, interes horren adibidea da EGBk lehenengo aldiz egin duela etxebizitzari buruzko lege aurreproiektu bati buruzko irizpena. Aho batez onartuta, aldeko irizpena eman dio testuari oro har, eta balioetsi egin du etxebizitza duina eta egokia legez okupatzeko eskubide subjektiboaren aitorpena, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) bizi diren eta eskatutako baldintzak betetzen dituzten pertsona guztiei.

EGBk eta kooperatibek aurkeztutako alegazio asko erantsi zaizkio aurreproiektuari, Euskadiko etxebizitzen kooperatiben funtzio sozialaren berariazko aipamena esaterako, edota alokairua sustatzeko erabilera-lagapena helburu duten kooperatiben figura, Eskandinaviako kooperatiben ereduko oinarrizko araudia jarraituz. Testuaren erredakzioa berrikusi eta hobetu egin da, araudiaren interpretazioa errazte aldera, eta zenbait gai kontuan hartuko dira erregelamendu-garapena egiterakoan.

ALEGAZIOAK

Aurretik, lege-aurreproiektuak 165 alegazio jaso zituen 24 eragile ekonomiko eta sozialengandik. Aztertu eta horietako asko lege aurreproiektuaren testuan bilduta daude.

Besteak beste, "merkatuko prezioa" bezalako kontzeptuak definitu dira, salmentan edo salgai egonik hutsik dagoen etxebizitzatzat jo ez daitezkeen etxebizitzen kasuetarako, alegia; ondare-egoerari buruzko aipamenak sartu dira, babes publikoko etxebizitzak nahitaez desjabetzea legitimatzen duen interes soziala dagoenerako eta baloratu egingo da doako eskualdaketak ondorengoen, aurrekoen, ezkontidearen edo izateko bikoteko kide baten alde egiten direnean; Berme eta Konpentsazio Funtsa, nahitaezko desjabetzea eta etxebizitzen eta lokalen birgaitzeari buruzko artikuluen erredakzioa hobetu egin da.

Halaber, familia ugarien beharretara egokitu ahal izateko etxebizitzak batu eta handiagoak egiteko aukera ere aurreikusi egin da; autonomia pertsonala izateko laguntza behar duten pertsonentzat aurreikuspen zehatzak egin dira; zenbait arau-hausteen tipifikazioa eta zehapenen zenbatekoa aldatu egin da; eta higiezin-zerbitzuak emateko bitartekaritza arautu egin da.

Hobetzeko proposamenak ere jaso dira "Zurekin etxebizitza egiten dugu" izeneko urte hasierako herritarren partaidetzarako prozesuan. 188 izan dira, hain justu, eta 70 ezberdinak; proposamen horietatik, 18 testuan daude bilduta.

Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak "oso positibotzat" jo zituen bere garaian gai honen inguruan eragile sozialek erakutsitako inplikazioa eta konpromisoa, baita herritarren partaidetza ere. Proposamen askok izandako babesa ez ezik, "kritika arrazoituak eta lege-aurreproiektua hobetzeko proposamen konstruktiboak" ere eskertu zituen.

Testua, "ezaguna, eztabaidatua eta aberastua", barne-izapidetzako azken fasean dago, Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu eta Etxebizitza Legea behin betiko onartzeko Eusko Legebiltzarrera igorri aurretik.