Etxebizitzen eraikinetako plaka frankistak kentzeko programa abiatu du Gasteizko Udalak

Contador
Plaka frankista
GASTEIZKO UDALA
Actualizado 2018/02/09 16:34:43 CET

GASTEIZ, 9 (EUROPA PRESS)

Gasteizko Udalak programa bat jarri du martxan hiriko 149 etxebizitzen eraikinetan oraindik dauden sinbolo frankistak kentzeko. Gorka Urtaran alkateak ostiral honetan jakinarazi duenez, datorren astean gutunak bidaliko zaizkie eragindako komunitateei plakak doan kentzea eskaintzeko, udal aurrekontuaren kontura, hala eskatuz gero. Enplegu programa baten bidez egingo da lana.

2017ko urtarrilean, Gasteizko Udalak Memoria Historikoari buruzko mozio bat onetsi zuen, hirian dauden sinbolo frankistetan esku hartzeko, abenduaren 26ko Memoria Historikoaren Legearen 15. artikuluan gomendatutakoari jarraituz. Eusko Jaurlaritzak 2011n landutako "Gerra zibila eta diktadura goraipatzen duten Euskadiko ikur eta monumentu publikoen katalogoa" zerrendan jasotzen da sinbologia frankista duten etxebizitzen eraikinen errolda.

Errolda horretan 300 eraikin agertzen ziren, baina Gasteizko Udalak banaka egiaztatu eta dokumentatu ditu horiek, gizarteratzeko kontratu baten bitartez, eta egiaztatu da 300 atari horietako 168k beren kabuz kenduak zituztela plakak eta hiru helbide dagoeneko ez direla existitzen. Gainera, hasierako katalogoan ez zeuden 20 eraikin aurkitu dira.

Horrela, Gasteizko Udalak orain duen erregistroaren arabera 149 atarik jarraitzen dute horrelako sinboloak edukitzen eta haiengana joko du zuzenean. Nolanahi ere, Bizikidetza Zerbitzuak inbentarioan agertzen ez diren jabe erkidegoen eskaerei ere erantzungo die, baldin eta fatxadatik plaka kendu nahi badute.

Informazioa jaso ondoren, jabeen batzarrari dagokio plaka kendu nahi duten erabakitzea. Eskatuz gero, Gasteizko Udalak dagoeneko bidali ditzake enplegu planeko langileak eskatutakoa betetzera.

Interesa duten erkidegoak Bizikidetza Zerbitzuarekin jar daitezke harremanetan, bizikidetza@vitoria-gasteiz.org posta elektronikoa edo 945 161 209 telefonoa erabiliz.

Plaka frankistak kentzeko programa Gasteizko Udalak memoria historikoa berreskuratzeko 2018an egingo duen jardueretako bat da, "Gasteizen frankismoaren biktimekin justizia egitearren, haien oroitzapena bermatuz, duintasuna itzuliz eta justizia eginez", nabarmendu du Urtaranek.

EKINTZAK

Memoria historikoari buruzko alkate dekretuaren arabera, besteak beste, oroitzapenerako lau espazio sortuko dira; martxoaren 31 errepresio frankistaren biktima izandako gasteiztar oro aitortzeko eguna izango da eta haien omenezko eskultura bat jarriko da; Plaza Berrian gertatutako hegazkin istripuan hildako bi zibilak oroitzeko plaka bat jarriko da, eta frankismoaren biktimen errolda ofiziala landuko da.

Gainera, plaka bat jarriko da Andre Maria Sortzez Garbiaren katedralean, barruan dagoen armarri frankistaren esanahia azaltzeko, une historikoa eta sinbologia hori mantentzearen zergatia testuinguruan jartzeko. Era berean, beste plaka bat ipiniko da Olagibel kaleko Gobernu Ordezkariordetzan, horrelako eraikin publikoetan ageri den armarri frankista testuinguruan jartzeko.

Azkenik, beste plaka bat jarriko da Olarizu mendiko gurutzean, monumentua seinaleztatu eta testuinguruan jartzeko, duen benetako esanahi historikoa ezagutu dadin, eta diktadurak ondoren egindako erabilera politikoa.

BESTE EKIMENAK

Halaber, aurten garatuko diren ekimenen artean gazteak sentsibilizatzeko ekintzak aurreikusi dira, baita memoriaren ibilbidea diseinatzea ere, garai horretan hirian bizi izandako errepresioaren espazio esanguratsuenak bisitatzeko.

Dekretuak xedatzen duenaren arabera, Faustino Ortiz de Zarate Beitiari kendu egingo zaio eman zioten zilarrezko domina, saria eman izanak diktadura argi goresten zuela jo baita. Orobat, Luis Orgazi hiriaren seme kutunaren izendapena kenduko zaio, Francorekin batera altxamendu militarrean aktiboki parte hartu baitzuen.

Neurri horiez guztiez gain, Gasteizko Udalak atea irekita utzi du memoria historikoaren alorrean beste jarduera batzuk egiteko, horiek justifikatzen dituzten frogarik edo arau aldaketarik izanez gero.

Alkate dekretuaren oinarrian gaia lantzeko sortutako lantaldearen ondorioei jarraituz 2017ko urtarrileko osoko bilkuran hartutako erabakia dago. EH Bildu, EAJ, PSE-EE, Podemos eta Irabazi-Ganar talde politikoek alde bozkatu zuten, eta PP abstenitu egin zen.