Etxeetan lapurtzen espezializatua den talde antolatu bateko bi kide atxilotu dituzte Gasteizen

Atxilotuen etxebizitzan aurkituriko materiala
ERTZAINTZA
Actualizado: miércoles, 5 enero 2011 17:55

GASTEIZ, 5 Ene. (UROPA PRESS) -

Ertzaintzak etxeetan indarra erabiliz lapurtzen zuen talde antolatu bateko bi kide atxilotu ditu aste honetan. Taldeari 2010ean Gasteizen eta gertuko udalerrietan izandako mota honetako delituen egiletza egotzi diote. Lapurtutako materiala pasaporte faltsuak erabiliz saltzen zuten, identifikatzea saihesteko, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Gasteizko ertzain-etxeko agenteak 2010ean Arabako hiriburuko eta gertuko herrietako etxeetan indarra erabiliz izandako lapurretak argitzeko ikerketa bat egiten aritu dira azken hilabeteotan. Hauei esker lapurretak georgiar jatorriko antolatutako talde batek egin zituela susmatu zuten. Taldeko kideek ez zuten ez lanik ez bizileku finkorik, eta horri esker, diru kopuru handiak erabiltzen zituzten.

Ertzainek etxebizitza bat aurkitu zuten Gasteizko erdialdean, eta ikerketa honekin zerikusia zuten zenbait pertsona bizi ziren bertan. Hori dela eta, pisu horretan zaintze-lanekin hasi ziren. Urtarrilaren 3an, susmagarrietako bat (29 urte) atxilotu zuten etxebizitzaren inguruetan, Gasteizko etxebizitza batean urrian izandako lapurreta batean parte hartzea egotzita.

Atzo, taldearen etxebizitzara sartu ziren eta arakatu egin zuten. Bertan erlojuak, bitxiak, garai bateko eta bildumazaleen txanponak, eta material elektroniko eta informatikoa aurkitu zuten. Ustez, aurreko urtean Gasteizko eta gertuko herrietako etxebizitzetan izandako lapurretetan hartutako gauzak dira. Halaber, ustez faltsuak diren zenbait pasaporte aurkitu zituzten; identifikatu gabe lapurtutako gauzak saltzeko erabiltzen zituzten.

Etxebizitza barruan 23 urteko gizon bat zegoen, eta delitugileek osatzen zuten talde antolatu honetako kide izateagatik atxilotu zuten. Aurkitutako objektuen artean, sakeleko telefono bat zegoen, eta jakin dutenez, 2010eko ekainean Marbellako hotel batean lapurtu zuten. Ikerketak aurrera jarraitzen du eta ez dituzte baztertzen atxiloketa berriak.

Joan den urtean zehar etxebizitzan lapurreta jasan dutenek Forondako Atea kaleko ertzain-etxera joan ahal dira (bulego-orduetan) aurkitutako materialaren artean beraiena den objekturik dagoen ikustera. Horretarako, bere garaian ezarritako salaketaren kopia bat aurkeztu beharko dute.