Etxepare Euskal Institutuak Cervantes Institutuaren laguntza izango du euskara eta euskal kultura zabaltzeko

Ezkerretik eskuinera: Caffarel, Urgell eta Goenaga
ETXEPARE INSTITUTUA
Actualizado: viernes, 28 enero 2011 17:44

DONOSTIA, 28 Ene. (EUROPA PRESS) -

Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria eta Carmen Caffarel Cervantes Institutuko zuzendariak bi erakundeen arteko hitzarmena sinatu dute gaur Donostian. Hitzarmenaren arabera, Cervantes Institutuak laguntza emango dio Etxepare Institutuari euskara eta euskal kultura zabaltzeko.

Etxepare Euskal Institutuaren Donostiako egoitzan emandako prentsaurrekoan Goenagak esan du hitzarmen honi esker euskarak eta euskal kulturak "presentzia handiagoa eta sendoagoa" izango dutela munduan eta "bi hizkuntza -euskara eta gaztelania- eta bi kulturen arteko elkarbizitza, errespetua eta elkarlanaren seinale" dela akordioa.

Etxepare Euskal Institutuak, bere xedeak lortzeko, "izaera moldagarria" behar izateaz gain "sareen indarra baliatu eta beste kulturekin hartu-emana bultzatu" behar duela adierazi du. "Sareak osatzea, konplizitateak eraikitzea eta elkarlana sustatzea behar-beharrezkoak ditugu. Horretan dihardugu ateak zabaldu genituenetik eta horren adibide da gaur sinatu berri dugun hitzarmena", esan du Goenagak.

Era berean, Cervantes Institutuak orain arte ere euskara eta euskal kultura aintzakotzat eduki izan dituela azpimarratu du. 1997. urtetik euskara klaseak eskaintzen ditu Cervantes Institutuak europako hainbat hiritan (Brusela, Mosku, Munich eta abar) eta azken hiru urteetan euskal kulturarekin zerikusia duten 119 jarduera egin ditu, bere zuzendariak azaldu duenez. Besteak beste, Bernardo Atxaga, Espido Freire, Kirmen Uribe, Juan Kruz Igerabide, Kepa Junkera edo Asier Zabaletak parte hartu dute ekintza horietan.

Aurten egingo diren hainbat ekintza ere aurreratu ditu Caffarelek, Damascon egingo den Chillidari buruzko erakusketa edo Bordelen egingo den euskal film laburren erakustaldia, esaterako.

Caffarelek, gaztelania ez ezik, Cervantes Institututak espainiar Estatuko beste hizkuntza ofizialen irakaskutza ere sustatzen duela azpimarratu du, Espainia "herrialde eleanitza" baita eta horrek

"aniztasuna eta aberastasuna" esan nahi baitu.

Cervantes Institutuak "Espainiako kultura-aniztasuna erakusteko obligazioa" duela adierazi du eta aniztasun horrek diziplina artistiko guztiak aberasten dituela.

Hemendik aurrera euskara eta euskal kulturak Cervantes Institutua bezalako "erakunde entzutetsu" bat eskura izango duela esan du Caffarelek, eta baita munduan zehar Institutuak dituen plataforma

guztiak ere (ia 80 zentro 44 herrialdetan).

Bestalde, agerraldian izan den Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak gaurtik aurrera Etxepare Institutuak "bere xedea gauzatzeko tresna garrantzitsu bat" duela adierazi du, eta "bestela ezinezkoa izango litzatekeen" presentzia emango diola euskara eta euskal kulturari. Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo kultura-eragileekin egiten den eta egin beharreko elkarlana ere azpimarratu du Urgellek.

Cervantes Institutuarekin sinatutako hitzarmena Etxepare Euskal Institutua egiten ari den lanaren "erakusgarri bat" dela esan du Kultura sailburuak.

EUSKARA MANHATTANEN

Bestalde, bi erakundeen arteko hitzarmenak eman ditu lehengo fruituak. Izan ere, hasi berri dira euskara klaseak Cervantes Institutuak New Yorken duen egoitzan. Goenagak adierazi duenaren arabera, klase hauek astean behin izango dira eta hiru orduko iraupena izango dute. Oraingoz soilik lehenengo maila eskainiko den arren, etorkizunean erdiko maila irakastea aurreikusita dago.

Etxepare Euskal Institutuak babes metodologikoa eskainiko dio Cervantes Institutuari "Euskara Munduan" programaren bitartez, eta "Boga" internet bidezko irakaskuntza programa eskaintzeko gestioak egiten ari da. Cervantes Institutuak New Yorken duen liburutegian euskal presentzia indartzeko hainbat testuliburu eta hiztegi ere igorriko ditu Etxepare Euskal Institutuak.

Hala ere, euskarak New York hirian izango duen presentzia ez da Cervantes Institutura mugatzen. Izan ere, bertako Euskal Etxea hasia da euskara klaseak ematen eta New York City University (CUNY) unibertsitatean euskal ikasketen katedra bat sortzeko lehen pausoak ematen ari da Etxepare Euskal Institutua.