Etxepare Institutua Midem eta Expolangues azoketan izango da

Actualizado: martes, 24 enero 2012 17:36
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

   Euskara eta euskal kultura kanpoan ezagutarazteko ahaleginean, nazioarte mailako azoketan parte hartzeari ekingo dio aurten ere Etxepare Euskal Institutuak. Lehen biak Cannes hirian urtarrilaren 28tik 31era burutuko den Midem Europako musika azokarik garrantzitsuena eta Parisen otsailaren 1etik 4ra bitartean izango den Expolangues hizkuntza azoka izango dira. Expolanguesera Etxepare Euskal Institutua bere baitan doan lehen aldia da.

   Institutuko iturriek prentsa ohar bidez adierazi dutenez, Midemek 46. edizioari ekingo dio Cannesen (Frantzia) eta Euskadiko musika industriak "Euskadiko Soinuak" markaren babespean parte hartuko du beste urte batez. Musika sektoreko profesionalentzako topagune izateaz gain, Midem azokaren ezaugarri nagusia musikaren teknologiaren eta komunikabideen etorkizunerako begirada da.

   "Euskadiko Soinuak" Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bultzaturiko programarekin bat egingo du Etxepare Euskal Institutuak azoka honetan, eta bertan izateaz gain, azokara joango diren musika industriako bederatzi elkarte eta enpresentzat laguntzak bideratuko ditu.

EXPOLANGUES

   Bestalde, HABE eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren lekukoa hartuta, Etxepare Euskal Institutua bere baitan joango da aurten, lehen aldiz, Pariseko Expolangues azokara. Ekimen esanguratsu horretan mundu osoko 80 hizkuntza baino gehiagok hartuko dute parte, eta lau egunetan 22.000 bisitari inguru espero dituzte.

   Etxepare Euskal Institutuko standera gerturatzen direnek euskarari buruzko azalpen ezberdinak aurkituko dituzte. Euskaraz aritu nahi izanez gero, euskara eskolak zein www.euskaramundiala.net webgunearen bitartez euskaraz aritzeko aukera eskainiko zaie bertaratutakoei. Beste hizkuntzetara itzuli diren euskarazko liburuen katalogoa, liburuak, hiztegiak eta material didaktikoa ere eskuratu ahal izango dituzte.

   Horrez gain, Etxepare Euskal Institutuak ekitaldi ezberdinak antolatu ditu azokaren programazioaren baitan. Otsailaren 3an, 11:30ean, "Euskara hizkuntza Frantzian" hitzaldia eskainiko du Expolanguesen Argitxu Camus Etchecopar Sorbonne III Unibertsitatean euskara irakurlea denak. Egun horretan bertan, 19:00etan, Maddi Oihenart kantari zuberoarrak kontzertua emango du Sorbonne III Unibertsitatean, Jérémy Garat musikariarekin batera. Otsailaren 4an Ur Apalategik hitzaldia emango du azokan, "Euskal literatura globalizazioaren garaian" izenburupean, 16:30ean.

   Halaber, Etxepare Euskal Institutuko Euskararen sustapen eta hedapenerako zuzendari Mari Jose Olaziregi ere Parisen izango da, azoka dela eta. Beste hainbat helburu betetzeko ere baliatuko du bidaia: otsailaren 2an Sorbonne III unibertsitateko Etudes Ibériques et Latino-Américaines (EILA) saileko buruekin elkartuko da, Institutuak bertan duen euskara eta euskal kulturaren lektoradoaren azterketa egiteko eta etorkizuneko jarduerak zehazteko. Gainera, egun berean, 14:30ean, euskal literaturari buruzko eskola bat emango du Olaziregik Sorbonne IIIan.

   Otsailaren 3an, Expolanguesera joateaz gain, Enrique Camacho Pariseko Cervantes Institutuko zuzendariarekin bilduko da, bi erakundeen artean kolaborazioa estutzeko eta otsailetik aurrera bertan eskainiko diren euskara eskolei buruz hitz egiteko.