Etxepare Institutuak Euskal Antologiak sailaren lehen bi lanak eta "Katu jendea" ipuinaren itzulpena argitaratu ditu

Argitalpen berriak aurkeztu ditu Etxepare Institutuak
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA
Actualizado: lunes, 18 febrero 2013 18:45

DONOSTIA, 18 Feb. (EUROPA PRESS) -

Etxepare Euskal Institutuak plazaratu berri dituen hiru argitalpen aurkeztu ditu astelehen honetan, alegia, Euskal Antologiak sailaren lehen bi antologiak eta Eider Rodriguezen "Katu jendea" ipuinaren itzulpena.

Euskal Antologiak saileko lehen bi aleak, biak ere hirueledunak (euskara, gaztelania eta ingelesa), Mikel Ayerberen "Euskal narratiba garaikidea: katalogo bat" eta Jone Arrotajairegik idatzitako "Egungo haur eta gazte literatura: katalogo bat" dira. Bestalde, Eider Rodriguezen "Katu jendea" ipuina, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, nederlanderaz eta alemanez argitaratu du Etxepare Institutuak, Euskal Sortzaileak Sailaren baitan.

Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Mari Jose Olaziregi Euskararen Sustapen eta Hedapenerako zuzendari eta Institutuko argitalpenen zuzendaria, Jone Arroitajauregi antologoa, Juan Kruz Igerabide eta Enkarni Genua idazleak eta Arantzazu Royo itzultzaile eta EIZIEko idazkari teknikoa izan dira Donostian egindako prentsaurrekoan.

Euskal Antologiak sail berriaren zutabea literatura da, eta astelehen honetan aurkeztu diren bi lanez gain -Mikel Ayerbek prestatutako narratibako antologia eta Jone Arroitajauregik apailatutako haur eta gazte literaturari eskainitakoa- beste

bi ere izango ditu aurki: Lourdes Otaegi atontzen ari den poesia antologia eta Xabi Payak prestatutako ahozko literaturako antologia.

Mari Jose Olaziregik azaldu duenez, "25 euskal narratzaile garaikide sartu ditu Mikel Ayerbek 'Euskal narratiba garaikidea: katalogo bat' antologian, eta hitzaurrean azaltzen duenez, antologia orok ikuspuntu bat, hautu bat, darama berarekin, eta argazki bat eskaintzen badu ere, antologiagileak badaki argazki horretan ez dela

mundu-ikuspegi oso bat lortuko".

Hiru hizkuntzatan eskainia, katalogo bat baino askoz ere gehiago da: egile bakoitzaren soslai bio-bibliografikoa, sariak, itzulpenak, egilearen ezaugarri literarioen azalpen laburra eta testu laginak eskaintzen ditu. Lagin horiek ongi kokatuta datoz, Olaziregiren iritziz, nobela edo ipuinen hasierak hautatu baitira.

Institutuko bilduma guztietan Jose Luis Agoteren egindako diseinua eta maketazioak eta Euskal Antologiak sailerako Juan Azpeitiak sortutako azalak ere azpimarratu nahi izan ditu.

Bestalde, Jone Arroitajairegik berak aurkeztu du "Egungo haur eta gazte literatura: katalogo bat". 12 idazle hautatu ditu antologiarako, "aukera egiteko zaila", guztiak 1970eko hamarkadatik aurrerakoak. Euskal haur eta gazte literaturaren indarra azpimarratu du, eta euskal idazleek mundu mailan duten garrantzia. Produkzio mailan ere pisu handia duela gogoratu du: 2011. urtean euskaraz argitaratutako liburuen %28a haur eta gazte literatura zen; helduena %13a

baino ez zen izan.

"Horrelako lanek asko animatzen gaituzte", esan du antologian aipatutako idazletako bat den Enkarni Genuak. "Zenbait eta gehiago zabaldu gero eta garrantzi handiagoa hartuko du euskal kulturak", gaineratu du.

Juan Kruz Igerabide ere Arroitajauregik aukeratutakoen artean dago. "Literaturaren sustapen lanetan 35 urte aritu eta gero, horrelako fruituak ikustea pozgarria da benetan", esan du, eta eskerrak eman dizkio Etxepare Euskal Institutuari, haur eta gazte literatura beste

literaturaren mailan jartzeagatik, bai eta haurrentzako idatzitako poesiari eskaini dion lekuagatik, "bultzada bat behar duelako".

KATU JENDEA

Beste alde batetik, Eider Rodriguezen "Katu jendea" ipuinaren itzulpenek Etxepare Euskal Institutuaren Euskal Sortzaileak Saila bildumaren bildumaren hirugarren alea osatzen dute, Bernardo Atxagaren "Borrokaria" eta Anjel Lertxundiren "Non omnis moriar" eta gero, eta euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, nederlanderaz eta alemanez argitaratu da.

Itzulpenok EIZIEk 2012ko urrian, Institutuaren babesarekin eta Paueko UPPA unibertsitatearekin lankidetzan "Idazlea itzultzaileen lantegian" ekimenaren emaitza dira.

Arantzazu Royo itzultzaileak eta EIZIEko idazkari teknikoak prentsaurrekoan azaldu duenez, Eider Rodriguez idazlea eta bost itzultzaile jarri zituzten mahai baten bueltan, hiru egunez, eta, "Katu jendea" ipuina ardatz harturik, hiru itzulbide desberdin aztertu zituzten: zuzenekoa, zeharbidezkoa eta lankidetzakoa.

Eider Rodriguezek esperientziari buruz egindako hausnarketa ekarri du gogora Arantzazu Royok: "Nik dakidala, sekula egin didaten irakurketa sakonena egin didate, eta sakon hitzarekin, zera esan nahi dut: nik testua idatzi nuenean nengoen toki sakonetik bertatik irakurri eta itzuli nautela haiek, nire amarru, intentzio, kontraesan eta abar guztiei mozorroa kenduz", adierazi du.

"ESTRATEGIKOA"

Euskara eta euskal literaturaren zabalkunde lana Etxepare Institutuaren "estrategikoa" dela azpimarratu du Goenagak, eta hori dela-eta ekin ziotela argitalpen eleaniztunak plazaratzeari. "AT!" liburua izan zen lehena, 2011an, Institutuaren aurkezpenerako sortua

eta 25 euskal egileren testuak bidu zituena.

2012tik aurrera bildumak etorri ziren: euskal idazleen lanak zabaltzea xede duen Euskal Sortzaileak Saila -gaur aurkeztu den "Katu jendea" hartu duena, bildumaren hirugarren alea- eta Euskal Kultura Saila, dibulgazioa helburu duena eta euskal kulturaren 12 alderdi

ezberdin aztertzen dituena.

Astelehen honetan Euskal Antologiak sail berria aurkeztu da, euskal literaturaren berri munduan emateko sortua, eta haren lehen bi lanak aurkeztu dira. Argitalpen hauek guztiak "gutxienez hirueledunak" direla azpimarratu du Goenagak, baita Institutuak bere webgunean guztiak linean jartzen dituela ere, denon eskura egon daitezen.

Bestalde, Etxepare Institutuko arduradunek adierazi dute 2012an literaturarekin lotura zuten 60 ekintza inguru antolatu dituela mundu osoan, hala nola Polonia, Chicago (AEB), Frankfurt (Alemania) edota Guadalajaran (Mexiko).

Gainera, horretan jarraituko du aurten ere. Horrela, emakumezkoek idatzitako euskal poesia izango da Itxaro Borda, Leire Bilbao, Castillo Suarez eta Mari Jose Olaziregi otsailaren amaieran Irlandara eramango dituena, Manuela Palaciosek idatzi duen "Forked Tongues" antologian lehen hiruren lanak -eta joaterik izango ez duen Miren Agur Meabe- jaso baititu. Dublingo Cervantes Institutuan zein Cork hiriko Liburutegian eta Unibertsitatean liburuaren aurkezpenean zein ekintza ezberdinetan parte hartuko dute.

Halaber, euskal literaturak berezko tokia izango du aurten Madrilen, Bernardo Atxagari buruzko udaberriko programan, Passaporta jaialdian Kirmen Uribe idazlearekin, New Yorkeko Brooklyn auzoan edo Argentinan bi hiritan burutuko diren jaialdi esanguratsutan.