Etxetresna Elektrikoen Renove Plana abian da, milioi bat euroko aurrekontuarekin

Actualizado: lunes, 20 julio 2015 12:49

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

   Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) -Eusko Jaurlaritzaren energia agentziak- abian du etxeko ekipamenduak berritzeko diru laguntzen programa. Energiaren "aurrezpen nabarmena" dakarten eraginkortasun handiko tresnak eskuratzeko diru laguntzen programa, Etxetresna Elektrikoen Renove Plana izenaz ezagutzen dena, EEEren energia eraginkortasuna sustatzeko diru laguntzen lerroen barruan dago, eta aurten 1.000.000 euroko aurrekontua du.

   Bere arduradunek azaldu dutenez, Etxetresna Elektrikoen Renove Planak 125 eurorainoko diru laguntza emango du linea zuriko etxetresnak ordezkatzeko; zehazki, hozkailu, izozkailu, garbigailu eta ontzi-garbigailuen erosketa lagunduko du diruz. Hala, A+++ energia kalifikazio handiena duten etxetresnak eskuratzeko 125 euro emango ditu, eta A++ kalifikaziokoak erosteko 105 euro. Bi sailkapen edo kalifikazio horietako bat ez duten etxetresnek ez dute diru laguntzarik jasoko. Era berean, tresnen ordezkapen erreala ez dakarten erosketak ez dira diruz lagunduko.

   Etxetresna Elektrikoen Renove Planarekin bat egingo duten saltokiak arduratuko dira diru laguntzen izapidetza edo tramitazioa egiteaz. Horiek aplikatuko dute deskontua, zuzenean, erosketa egitean, eta etxetresna elektriko zaharra erretiratzearen inguruko izapideak ere haien ardura izango da, baimendutako hondakin kudeatzaile baten esku uzteko, tratamendu egokia gauzatzeko eta ordezkapena behar bezala osatzeko.

   Diru laguntzen programari esker, eraginkortasun handiko 8.000 etxetresna elektriko inguru instalatuko dira euskal etxeetan, eraginkortasun txikiago eta kontsumo handiagokoak ordezkatuko dituzten tresnak, hain zuzen ere. Aurtengo ekitaldirako dagoen aurrekontua edo diru saila amaitu arte emango dira diru laguntzak.