Etxetresna Elektrikoen Renove Plana amaitu da eta 8.716 unitate ordeztu dira

Actualizado: jueves, 23 julio 2015 16:33

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

   Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) uztailaren 18an jarri zuen martxan Etxetresna Elektrikoen Renove Plana eta, aurreikusita zegoen bezala, etxetresna elektrikoak ordezteko 8.716 eragiketa egin dira Euskadi osoan banatuta dauden 370 saltoki laguntzaileetan. Laguntzak etxetresna elektrikoen azken eskuratze preziotik deskontatu direnez, herritarrei zuzenean aplikatu zaie deskontua egindako erosketetan.

   Etxeko ekipamenduak ordezteko etxeetan energia kontsumoa murrizten duten eta energia eraginkortasun handia duten ekipamenduak erostera bideratutako laguntzek osatu dute ekitaldi honetarako aurreikusitako milioi bat euroko aurrekontu zuzkidura.

   Energiaren Euskal Erakundeak jakinarazi duenez, etxetresna elektriko motaren arabera, honako erosketa hauek jaso dituzte laguntzak: 4.300 garbigailuk, 2.900 hozkailuk, 1.286 ontzi garbigailuk eta 230 izozkailuk.

   Etxetresna Elektrikoen Renove Planak 125 eurorainoko laguntza eman du A+++ energia sailkapena duten linea zuriko etxetresna elektrikoak -hozkailuak, izozkailuak, garbigailuak eta ontzi garbigailuak- ordezteko; energia sailkapen hori handiena da, eta, beraz, energia aurrezpen handiena bermatzen duena. A++ sailkapeneko etxetresna elektrikoek 105€ jaso dituzte.

   Bi sailkapen hauetako bat ez duten aparatuek ez dute laguntzarik jaso, ezta ekipamenduak benetan ordezteko ere, hau da, etxeko ekipamendua berritzeko izan ez diren erosketek ere. Saltokiak EEEren aurrean egiaztatu behar du ekipamenduak ordeztu egin direla.