Eudelek Batzar Nagusia egingo du ostegunean Getxon

Actualizado: martes, 30 mayo 2017 11:44

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak 2017ko Batzar Nagusira joateko deia egin die Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) alkateei. Ostegunean izango da, ekainaren 1ean, eta duela bi hilabete inguru Getxoko portuan inauguratu zen itsas terminal berrian egingo da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaletako sentsibilitate politiko guztiak bilduko dira, zuzendaritza organo berriak aukeratu zirenetik urtebete igaro denean, eta lortutako adostasun politikoaren ondorioz, Eudelek EAEko udal gobernuetako talde politikoek osatutako Batzorde Eragilea baitauka.

Bilkura Imanol Landa Eudeleko elkarteburu eta Getxoko alkateak gidatuko du. Berarekin batera, irekiera ekitaldian izango dira udalekiko lankidetzarako bi eragile instituzional nagusiak, Euskadikoak zein Euskaditik kanpokoak, alegia, Eusko Jaurlaritza eta Europako Kontseilua.

Europak eta bertako instituzioek bizi duten hausnarketa uneaz jabetuta, eta erronka garrantzitsuei erantzun eraginkorrak bilatu nahian (Brexit, errefuxiatuen harrera edo nazioarteko terrorismoaren aurkako borroka), Eudelek Europako Kontseiluko agintari goren bat izan nahi zuen 2017ko hitzordu honetan, eta horrela, Gudrun Mosler-Törnström Europako Tokiko eta Eskualdeetako Botereen Batzordeko lehendakaria lehen aldiz arituko da Euskadiko alkateen aurrean, hiri eta udalerriek Europako proiektua berritzeko orduan duten zeresan nabarmena azpimarratzeko asmoz.

Tokiko, eskualdeko eta Europako politikan daukan esperientzia zabaletik, Gudrun Mosler-Törnströmek deszentralizazioaz, tokiko autonomiaz eta gobernantza onaz hitz egingo du. Europako Kontseiluaren ordezkaria austriarra da jatorriz, eta ibilbide politiko eta instituzional luzea dauka europar esparruan eta bere herrialdean. Salzburgoko Parlamentuko presidenteordea da gaur egun. Mosler-Törnströmek zenbait misiotan parte hartu du europar behatzaile gisa, besteak beste, Ukrainako, Georgiako edota Azerbaijango hauteskunde prozesuak zaintzeko.

Iazko urrian, Europako Tokiko eta Eskualdeetako Botereen Batzordeko lehendakaritza izan zuen lehenengo emakumea izatera heldu zen. Organo hori da, hain zuzen ere, Europako Kontseiluaren barruan tokiko eta eskualdeetako gobernuak ordezkatzen dituena. Aldi berean, Europako Kontseilua erakunde komunik antzinakoena da, EBrekin batera, bai eta handiena ere, 47 estatu hartzen baititu bere baitan.

Europako Tokiko eta Eskualdeetako Botereen Batzordeko 648 kidez osatutako batzorde politikoa da. Horietatik erdia udal kargu hautetsiak dira, eta beste erdia, berriz, Europako 47 estatutako eskualdeetako parlamentuetako ordezkariak.

Lehendakari izendatu osteko hitzaldian Mosler-Törnströmek adierazi zuen moduan, batzordearen helburu nagusiak hauek dira: "demokrazia, giza eskubideak eta legearen gobernua sendotzea, toki eta eskualde mailan. Balio horiek gabe, gure gizarteek atzera egingo lukete elkartasunean, eta erradikalizazioak, estremismoak, xenofobiak eta birzentralizazioak aurrera egingo lukete".

Eudelek gonbidatuta Euskadira egingo duen lehen bidaia instituzionalean, europar ordezkariak bisita hori aprobetxatuko du topaketa batzuk egiteko Euskadiko instituzio nagusiekin, besteak beste, Eusko Jaurlaritzarekin, Eusko Legebiltzarrarekin edota Bizkaiko Batzar Nagusiekin.

EGITARAUA

Eudelen 2017ko Batzar Nagusiaren egitarauari dagokionez, Getxoko itsas terminal berriak 10:00etan irekiko ditu ateak, alkateei harrera egiteko. Euskadiko udalen topaketa da ekipamendu berri horretan egingo den lehen ekitaldia, aurtengo martxoan inauguratu zenetik.

Bilkuraren atariko gisa, 10:30ean, lehenengo bilera instituzionala egingo da, eta bertan, Eudeleko, Europako Tokiko eta Eskualdeetako Botereen Batzordeko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzek parte hartuko dute

Goizeko 11:00etan egingo da Batzar Nagusiaren irekiera ekitaldi ofiziala. Hitzaldi publikoak amaituta, 11:45ean, ekitaldiaren bigarren zatia hasiko da, soilik udalei zuzendutakoa eta ateak itxita egingo dena, gutxi gorabehera, 13:00ak arte. Bikurako eguneko gai zerrendako gaien artean, Eudelek bozketa egingo du bazkideen artean, 2016ko ekitaldiaren amaierako urteko kontuak eta 2017ko ekitaldi berriko aurrekontua onartuko diren jakiteko.