Eurest Euskadik eta AZTIk elikagai berriak ikertuko eta garatuko dituzte

Jaurlaritza, AZTI eta Eurest Euskadiko ordezkariak
Foto: AZTI/EUREST
Actualizado: viernes, 17 abril 2015 12:07

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

   AZTI elikagaien berrikuntzan aditua den zentro teknologikoak eta Eurest Euskadi talde handietarako otordu enpresa eta Compass Groupeko kideak lankidetza hitzarmen estrategiko bat sinatu dute, nutrizioaren ikuspegitik hobetuta dauden eta tokiko produktuaren erabilera aktiboagoa sustatzen duten elikagai produktu osasungarri berriak ikertzeko eta garatzeko.

   Hitzarmenaren xedea da bi erakundeen lankidetza ildoa indartzea eta elkarrekin egiten duten lana beste proposamen batzuetara hedatzea, hala nola nutrizioaren ikuspegitik hobetuta dauden azkenburukoetara, saltsetara, kremetara eta zopetara. Elikagai premia bereziak dituzten taldeentzat dira produktu horietako asko; adibidez, hirugarren adineko pertsonentzat eta haurrentzat. Adinekoen etxeko sektoreari dagokionez, asmoa da menu osasungarriagoak diseinuan aurrera egitea; esaterako, produktuetan azukrea eta gantz aseak murriztea edota ordezkatzea eta mineralak naturalki ematea.

   Hitzarmena ostiral honetan sinatu dute, Bizkaiko Parke Teknologikoan, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea bertan zela. Rogelio Pozo AZTIko zuzendari nagusiak eta Lourdes Alonso Aramburu Eurest Euskadiko lehendakariak izenpetu dute hitzarmena.

   Hitzarmenak hiru urte iraungo du, eta helburua da profesionalki elkarlanean aritzea elikagai produktu berriak ikertzen eta garatzen, eta prozesu eraginkorrago eta jasangarriagoak garatzeari lotutako bestelako ikerketa batzuk egitea. Hitzarmenaren ondorioz lortzen diren produktuak Eurest Euskadik erabiliko ditu, modu esklusiboan, estatu mailan.

   Hitzarmeneko ikerketa eta garapenak ardatz hauek izango ditu ildo estrategiko gisa: eskolako segmenturako sukaldaritza teknika berriak, aurrez prestatutako jaki osasungarriak, elikagaien kontserbazioa, desizozte denboren murrizketa, kozinatze lermen azterketa eta zerbitzu errazioen ezarpena.

   Akordioaren bidez, Eurest Euskadik eta AZTIk beren gaitasunak eta esperientziak bateratuko dituzte, eta elkarrekin jardungo dute kalitate eta balio handiko produktu berriak diseinatzen.    Bi erakundeek ezagutzak eta baliabide teknikoak partekatuko dituzte, elikadura produktu berriak ikertzeko eta lortzeko.

2014TIK ELKARLANEAN

   AZTIk eta Eurest Euskadik 2014an ekin zioten lankidetzari produktu lerroak diseinatuz, besteak beste, "Cremosín", E@t 105: Kaiona jatetxean aurkeztu zutena; Eurest Euskadik Bizkaiko Parke Teknologikoan kudeatzen duen jatetxeetako bat da.

   Hitzarmena sinatu ondoren, zentro teknologikoak sukaldaritza produktu eta teknika osasungarrienekin garatutako hainbat produktu berritzaile erakutsi dituzte AZTIk eta Eurest Euskadik. Publiko kalteberarentzat dira produktu horiek, hala nola eskola umeentzat, hirugarren adinekoentzat eta ospitalean daudenentzat.

   Hitzarmenean sartzen diren jarduerak bat datoz Eusko Jaurlaritzaren 2015eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planeko helburuekin eta RIS3 espezializazio estrategiarekin, osasunaren ardatzari dagokionez. Azken xedeak dira enpresaren modernizazioa eta berritzeko eta sortzeko ahalmena indartzea eta balio erantsi handiagoko ekoizpenak sustatzea, balio handiagokoa izan dezaketen merkatuetara sartzeko ikerketaren eta teknologien aplikazioaren bidez.