Eurest Euskadik eta Lantegi Batuak-ek sukaldaritzako proiektu berritzailea abiarazi dute Derion

Actualizado: lunes, 5 octubre 2015 12:50

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

   Compass Group taldeko Eurest Euskadik eta Lantegi Batuak erakundeak 4,3 milioi euro inbertitu dituzte Derion (Bizkai) abian jarritako sukaldaritzako bi proiektu handitan eta, horiei esker, 36 lanpostu sortuko dira. Inbertsioaren %80 Compass Group-ek egin du.

   Enpresako bi proiektuen aurkezpen ofiziala astelehen honetan egin da, Derion, Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua, Isabel Sánchez Robles Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako foru diputatua, Lourdes Alonso Eurest Euskadiko presidentea eta Lantegi Batuak-eko presidente Hugo Baroja eta zuzendari nagusi Txema Franco bertan zirela.

   Eurest Euskadiko lehenengo proiektuan, sukalde nagusi berriak eta I+G+b arloko zentroa irekiko dira, eta bigarrenean, ordea, Lantegi Batuak erakundearen laguntzaz, enpresa-ekimen aitzindaria jarriko da abian, Euskadiko osasun sektoreko eta gizarte zein osasun sektoreko elikadura premiak artatzeko, eta, bide batez, elbarrien laneratze prozesua sustatzeko.

   Eurest Euskadiko sukalde nagusi berriak eskola segmentua artatzeko diseinatu dira. Sukalde horiek eta I+G+b arloko zentroa kontuan hartuta, enpresak hiru milioi euroko inbertsioa egin du. Azti Tecnalia elikaduraren arloko zentro teknologikoarekin sinatutako lankidetza hitzarmenaren esparruan sortu da laborategi berria.

   Aurreikuspenen arabera, Eurest Euskadik eguneko 19.000 menu prestatuko ditu sukalde nagusi berrietan, Euskadin artatzen dituen ikastetxeentzat. Horri esker, 16 lanpostu berri sortuko dira.

   Bestalde, Lantegi Batuak erakundeak Derion lehendik zeuden sukaldeak hartuko ditu ardurapean, bertan 1,3 milioi euroko inbertsioa egin ostean (zenbateko horretatik, 300.000 euro jarri ditu Eurest Euskadik), osasun sektoreari eta gizarte zein osasun sektoreari zerbitzua emateko. Hasiera batean, elbarrientzako 20 lanpostu sortuko dira proiektu horren ondorioz, eta 1.100 metro koadroko nabea erabiliko dute.

   Hitzarmen horren bitartez, Eurest Euskadik eta Lantegi Batuak-ek gaitasunak, indarrak eta ekimenak batuko dituzte, "sukaldaritza sozial, sentikor eta espezializatua behar duten sektore eta taldeentzako proiektua garatzeko".

   Lourdes Alonsoren esanetan, Eurest Euskadi pozik dago hitzarmenarekin. Horren bidez, bere hitzetan. "sentsibilitate eta eskakizun handiko sektoreentzat, hau da, osasun sektore eta gizarte zein osasun sektorearentzat garatzen dugun jarduera sendotuko dugu, eta, horrez gain, gizarte erantzukizunarekin daukagun konpromisoa ere indartuko dugu, Bizkaian bertan lanpostu babestuak sortzean eta eustean".

   Halaber, Txema Francok azpimarratu duenez, "proiektu hau aukera ezin aparta da Lantegi Batuak-eko jende askorentzat, eta, horri esker, garapen pertsonal zabalagoa eta bizi-kalitate hobea lortu ahal izango dituzte, azken batean horiexek direlako gure erakundearen helburuak".

BERTAKO PRODUKTUAK

   Gainera, ekimenaren bidez, bertako produktuak ere sustatuko dira jatekoa prestatzeko orduan, hotzeko eta beroko ekoizpeneko bi lerro osagarrietan. Hain zuzen ere, egunero 4.000 menu prestatu ahal izango dituzte instalazio horietan.

   Proiektu horretan jardungo duten Lantegi Batuak-eko langileek era guztietako menuak eta jatekoak prestatuko dituzte, behar besteko aldaketa dietatikoak kontuan hartuta. Proiektu horretan, gainera, Eurest Euskadiko Nutrizio eta Dietetika Zerbitzuko elikadura diseinuak ezarriko dira. Izan ere, dieta mediterraneoko patroietan daude oinarrituta, eta hurbileko produktu ekologikoak lehenesten dituzte beti.

   Era berean, Eurest Euskadik I+G+b arloan egindako aurrerakuntzak ere hartuko dira kontuan, baina, batez ere, elikadurako produktu berrietan egindako ikerketak eta garapenak, elikagarriagoak eta osasungarriagoak direlako eta tokiko produktuen erabilera aktiboagoa sustatzen dutelako.

   Alde horretatik, aurten, Eurest Euskadik lankidetza hitzarmen estrategikoa sinatu du Azti Tecnalia zentro teknologikoarekin, elikadurako produktu berri horiek ikertzeko eta garatzeko. Azti Tecnaliarekin sinatutako hitzarmen estrategiko hori ondo joan denez, Eurest Colectividades-ek, enpresako matrizeak, Euskadiren aldeko apustua egin du I+G arloko jarduera garatzeko orduan.