Euri-jasek 257 hildako utzi dituzte jada Rio de Janeiron (Brasil)

Uholdeak Brasilen
STRINGER BRAZIL / REUTERS
Actualizado: jueves, 13 enero 2011 12:44

RIO DE JANEIRO, 13 Ene. (Reuters/EP) -

Azken hilean Rio de Janeiro estatuan (Brasilgo hego-ekialdea) izandako euri-jasek 257 hildako utzi dituzte jada. Egoera ikusita, Dilma Rousseff Brasilgo presidenteak 780 milioi erreal (354 milioi euro) ematea baimendu du, larrialdiari aurre egiteko.

Hiriei dagokienez, kaltetuena Teresopolis izan da, gutxienez 130 lagun hil baitira luizien ondoren, zenbait auzo estali eta ondoko zonaldeak urez eta lokatzez bete dituelako. Halaber, Nova Friburgon 107 eta Petropolisen 20 hildako izan dira, tokiko funtzionarioek jakinarazi dutenez.

Gainera, 50 bat pertsona desagertuta daude Teresopolisen, eta Serrana koloniako milaka auzokide isolaturik gelditu dira uholdeen ondorioz. Uholdeek, halaber, elektrizitatearen hornikuntza moztea eta sare telefonikoa erortzea ekarri dute.

"Erreskateko taldeak gune kaltetuenetara heltzen ari dira oraindik", esan du Teresopoliseko alkate Jorge Mariok, 'O Globo' egunkariari eskainitako adierazpenetan. Gainera, "hiriaren historiako hondamendirik handiena" dela ziurtatu du.

Bien bitartean, Nova Friburgon, luizi batek hiru suhiltzaile lurperatu ditu, aurreko lur-jausi batek lurperaturiko biktimak erreskatatzen saiatzen ari zirela. Hala ere, lankideek espero dute bizirik aterako dituztela.

Bestalde, Indar Armatuek bi helikoptero bidali dituzte Rio de Janeirora, Sergio Cabral gobernadoreak militarren laguntza eskatu ondoren larrialdiari aurre egiteko eta salbamenduko lanak arintzeko helburuarekin.

"Edozein motako laguntza gehigarria Itsas Komandantzian eskatu behar da eta Defentsa Ministerioak onartu behar du, baina prest gaude talde eta lagun gehiagorekin laguntzeko", adierazi dio Brasil Agentziari Armadako pertsonalaren burua den Nilo Moacyr Penha Ribeiro kontralmiranteak.

Testuinguru honetan, euri-jasek kalteturiko udalerriei 780 milioi erreal ematea baimendu du Rousseff presidenteak. 700 milioi erreal (318 milioi euro) Defentsa Zibileko Idazkaritza Nazionalarentzat izango dira -600 milioi (272) larrialdi lanetarako eta 100 milioi (45) prebentziorako- eta beste 80 milioiak (36) Garraio Ministerioarentzat, suntsituriko errepideak birgaitzeko.