Europa "bakarra edo estatu bakoitzaren istorioen batuketa" ote den eztabaidatuko dute ostegunean Donostian

Actualizado: lunes, 15 junio 2015 17:17

DONOSTIA, 15 (EUROPA PRESS)

   Europar Elkarrizketak zikloak José Manuel Durão Barroso Europako Batzordeko presidente ohia eta Miguel Maduro Portugaleko Estatuko eta Eskualde Garapeneko ministroa elkartuko ditu Donostiako San Telmo Museoan asteazkenean, ekainaren 18an. Eztabaidaren xedea Europaren narratiban sakontzea izango da, Europa bateratu dezakeen balioen inguruan eztabaidatzea, alegia, eta Europa "bakarra edo estatu bakoitzaren istorioen batuketek eraikitako Europa" ote den eztabaidatuko dute.

   Globernance Gobernantza Demokratikorako Institutuak, Donostia 2016k eta San Telmo Museoak Europar Elkarrizketen seigarren saioa aurkeztu dute. DSS2016EUren kultur programaren barne dagoen eta San Telmo Museoak 2014. urtean abian jarri zuen Erronkak arloan txertatzen den proiektua da.

   Antolatzaileeek adierazi dutenez, duela zortzi urte hasi zen eta oraindik ere pairatzen ari den krisi ekonomikoak ondorio larriak ditu Europako biztanleentzat eta herrialdeentzat, Europako proiektua bera ere kinka larrian jarriz. Grezia eurotik irteteko aukera edo Erresuma Batuak 2017an ospatuko duen erreferenduma bezalako berriek "ezinbestean behartzen gaituzte Europak komun dituen balioak, istorioa eta narratiba birpentsatu eta birplanteatzera".

   Egoera honen inguruan hitz egiteko, Europar Elkarrizketen seigarren jardunaldiak José Manuel Durao Barroso eta Miguel Maduro izango ditu hizlari, eta hainbat galderei erantzuna ematen saiatuko dira, besteak beste, "benetako 'Batasuna' al da Europa? Ba al du istorio edota narratiba bateraturik? Edota... Estatu ezberdinen balio, narratiba eta istorioen batuketa hutsa al da Europa?". Ezbataida saioak 18:15etik 20:30era iraungo du.

   Katerina Yiannibas Europar Elkarrizketak proiektuaren zuzendariaren hitzetan, hausnarketa hau momentu ezin hobean gertatuko da, lehen aipatutako gertaerak direla eta. "Europak bere etorkizuna du jokoan. Erabaki garrantzitsua hartzeko momentua iritsi da. Ekonomian soilik oinarritutako batasuna izan nahi al du? Ala, balioetan eta narratiba partekatuan oinarritzen den estatuen benetako batasuna?", esan du.

   Doako jardunaldi irekia izateaz gain, streaming bidez jarraitzeko aukera egongo da www.europeandialogues.eu webgunearen bitartez. Era berean, herritar orok ekitaldia hasi aurretik hizlariei galderak bidaltzeko aukera izango du, bai Twitter bidez (@EUdialogues) bai Facebook sarearen bitartez (European Dialogues).

   Seigarren saio honen baitan, elkarrizketaren aurretik, komunikabideekin topaketa egingo da, argazki ofiziala ateratzeko eta Europar elkarrizketen antolatzaile eta parte hartzaileekin galdera erronda irekia egiteko.