Europa osoko diseinatzaile grafikoek ideiak eta konponbide sortzaileak trukatuko dituzte Bilbon 2012ko martxoan

Actualizado: jueves, 15 diciembre 2011 13:23

BILBO, 15 Dic. (EUROPA PRESS) -

AlhondigaBilbao izango da Selected Graphic Design from Europe izeneko biltzarraren hirugarren edizioaren egoitza 2012ko martxoaren 23an eta 24an. Ekitaldi horretan Europa osoko diseinatzaile grafikoak elkartuko dira ideiak eta konponbide sortzaileak trukatzeko. Hori guztia bi egunetan egingo da, hitzaldi, tailer eta jarduera paraleloekin, bertoko zein nazioarteko diseinatzaileen eta sortzaileen artean sinergiak sortzeko asmoz.

Aurreko bi edizioak Bartzelonan egin ziren, eta oraingoan Selected Bilbon egingo da. Proiektu honetan, Index Book argitaletxearekin batera, BilbaoEkintza eta AlhondigaBilbao lankidetzan arituko dira. Bi egunetan, Bilbo diseinu grafikoaren Europako hiriburua eta sektoreko profesional onenentzako topalekua izango da.

Selected Bilbon egoteak hiriaren apustu estrategikoa bermatzen du, diseinuaren arloan, diseinu grafikoaren arloan kasu honetan, nazioarteko erreferentea delako Europan, biltzarraren sustatzaileek nabarmendu dutenez.

Ekitaldi honetan herritarrek parte har dezakete, eta horrek dibulgazio-izaera ematen dio, izan ere, diseinu grafikoa eta sormen bisuala hurbiltzeko aukera emango du, ez bakarrik arlo honetako profesionalei, baizik eta baita Bilboko biztanle orori ere.

BilbaoEkintza, AlhondigaBilbao eta Index Book argitaletxearen artean lortutako akordioaren arabera, Selected ekimenak bermatu du hiru ediziotan jarraian Bilbon izango dela. Horrenbestez, 2012. urtean, "El Sol" Iberoamerikako Publizitate Komunikazioaren Jaialdia eta Selected egingo dira batera, lehen aldiz, Bilbon.

Selected C 2012ko martxoaren 23an eta 24an egingo da. Bi egunetan, arratsaldez, hamar hitzaldi entzun ahal izango dira. Hitzaldi bakoitza 50 minutu ingurukoa izango da eta 400 pertsona ingururi zuzenduta egongo da. Selected ekitaldiak hizki bati erantzuten dio beti, diseinuan hain garrantzitsua den osagaiari, hots, tipografiari, egindako omenaldi moduan. Hori dela eta, aurreko bi edizioak Selected A eta Selected B izan ziren.