Europako Batzordeak EAE gonbidatu du ostegunean 4.0 Industriari buruzko lantaldean parte hartzera

Actualizado: martes, 14 marzo 2017 17:43

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

Jorge Arevalo Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuordeak espezializazio eta 4.0. Industriari buruzko europar lantaldearen bileran parte hartuko du ostegunean, martxoaren 16an, Europako Batzordearen gonbidapen eta proposamenari erantzunez. Horrela, Jaurlaritzako sailburuordea izango da Europako eskualdeetako ordezkari bakarra.

Europako Batzordeak koordinatuta, lantalde hori ekimen eta proposamenak koordinatzen eta alderatzen ari da, Europako Gaitasunen Etorkizuneko Agenda zehazteko asmoz, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

Saio horretan, Lanbide Heziketaren Euskal Estrategia aurkeztuko du Arevalok, baita 4.0 Industriaren beharrei erantzuteko xedez Eusko Jaurlaritzak Euskadin gidatzen dituen ekimen zehatzak eta horien emaitzak ere. "Lantaldean esku hartzeak islatzen du, berriz ere, Europako Batzordeak euskal Lanbide Heziketari egiten dion aitortza", nabarmendu du Jaurlaritzak.