DONOSTIA 3 Sep. (EUROPA PRESS) -
Europa osoko adituek alzheimer gaitzaren inguruko diagnostiko goiztiarra garatzeko ikerketak aztertuko dituzte irailaren 10ean Donostiako Teknologia Elkartegian CITA.alzheimer Fundazioak antolatu duen jardunaldian.
CITA.alzheimer Fundazioak "Alzheimer gaitza prodromikoa" izenarekin antolatu duen nazioarteko sinposioak alzheimerra hasierako hastapenetan aztertzea du helburu, sintoma klinikorik gabeko hastapenetan eta garai horiek bereziki ikertzea, gaixotasuna agerikoa ez den fase prodromikoa, sintoma arineko garaiak, dementziarik gabekoak, alegia. Hastapenetan gaixotasunari aurrea hartzeko bideak zabaldu nahi dira, horrela terapia goiztiarrak ahalbideratzeko eta egungoak hobetzeko.
Donostian sortu berria den alzheimer gaitzaren ikerketarako eta terapia aurreratuetarako CITA.alzheimer Fundazioak goi mailako gogoeta eta ikerketa aukera hau eskainiko du. Nazioarteko sinposio hau irailaren 10an Alzheimerraren Egunaren bezperatan gauzatuko da, gaixotasunaren inguruko sentsibilizazioa eta informazioa hedatzeko asmoz. Alzheimerren Nazioarteko Eguna irailaren 21an da.
CITA.alzheimer Fundazioa alzheimerraren ikerketarako zentroa da, gaixotasun honen ikerketa, eta horri aurre egiteko prestakuntza eta zabalkundea bultzatzea du xede. 2010ean sortua, Donostiako Teknologia Elkartegian du egoitza eta bere ikerketa alzheimer gaixotasunaren biologia aztertzeari zuzendu dio, hiru ildo ditu martxan, diagnostikoari, eboluzio klinikoari eta diagnosi goiztiarrari zuzenduak. Ildo hauen helburua gaitzaren aztarnak era goiztiarrean aurkitzea izanda, hori da, hain zuzen ere, nazioarteko sinposio honen gaia.
Nazioarteko sinposioak alzheimer gaitzaren Europa osoko adituak bilduko ditu, gaitza hastapenetan denean, asintomatikoa den garaietan gaixotasuna aztertzeko ikuspegi anitzetatik, terapia goiztiarrak eta honetarako aukerak aztertzeko, prebentzioaren ikuspegitik zein sintomei aurre egiteko aldetik. Horretarako uneko medikuntzara aplikatutako teknologia berri eta aurreratuenak izango dira kontuan.
Jardunaldia egun betean gauzatuko da eta bertan bilduko dira gaia jorratzeko ikuspegi desberdinetatik nazioarteko adituak: neurologia, neuropsikologia, gerontologia, genetika, biologia molekularra, erradiologia /medizina nuklearra, eta neuroirudi teknikak alzheimer gaitzari lotuak izango dituzte hausnarketa gai.
ALZHEIMERRA
Alzheimer gaitzaren kontrako borroka lehentasuna da mundu osoan, eta lehentasun horretan diagnosi aurreko fase preklinikoak garrantzi berezia dute. Gaixotasunari aurre hartzeko ezinbestekoa da gaitza hasi berria denean detektatzea, oraindik gaixoengan ondorio larriak sortu aurretik aurre egin behar baitzaio, eta oraindik orain, hori ezinezkoa da.
Garatutako herrietan gertatzen ari den gizartearen zahartzeak, gaitz honen hedapen azkarra dakar; esaterako, Gipuzkoan gaur egun 8.000 gaixo badira, 2040. urterako 20.000 izatea aurreikusten da. 2050. urterako Europan zortzi milioi lagun egon daitezke alzheimer gaitzak jota. Egungo dirutan, 30.000 euro behar dira urteko gaixo bakoitzeko. Lortuko balitz, batez beste, gaixotasunaren hasiera bost urtetan atzeratzea, gaixoen kopurua erdira ekarriko litzateke 30 edo 40 urteren buruan. Hori da demenziologiak egun duen erronka.
Horregatik da hain garrantzitsua gaitzaren detekzio goiztiarra, gaixoengatik eta beren familiengatik, eta gizartearengan duen eraginagatik. Hori horrela, Europar Batasuneko Kontseiluak dei egin du gaitz hau eta honen kontrako borroka lehentasuna izan dadin. Lehentasunezkoa jo da diagnosi goiztiarra eta prebentzioa eta hori ahalbideratuko duen ikerketa garatzea.
Egin berri diren aurkikuntzek agerian utzi dute gaitza garunean garatzen hasten dela (amiloide metaketak, plaka zaharren garapena, mataza neurofibrilarren sorrera) gaitzaren ondorioz lehen memoria galtze edo galera kognitiboen manifestazio klinikoak hasi baino 10 edo 20 urte lehenago. Denbora zabal hori aukera ezin hobea da esku hartze klinikorako, eta terapia hori gaixoengan kalte atzera ezinak gertatu aurretik gauzatu ahal izateko. Horrexegatik da hain garrantzitsua detekzio goiztiarra, eta horretarako bideak zabaltzea da egungo erronka.