Europako Ikerketa Kontseiluak 30 milioi euro baino gehiago eman dizkio Euskadiri hamar urteko ibilbidean

Agerraldian izan diren ordezkariak
IKERBASQUE
Actualizado: lunes, 13 marzo 2017 17:36

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

Europako Batzordeak (EB) 2007an Europako Ikerketa Kontseilua (ERC, ingelesezko sigletan) abian jarri zuenetik, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) erakundeek 23 ERC laguntza lortu edo gauzatu dituzte: hamabi Starting Grant, bost Consolidator Grant eta sei Advanced Grant. Laguntza horietako 14 (guztien %61), Ikerbasqueko ikertzaileek lortu dituzte. Guztira, EAEk 30 milioi euro baino gehiago lortu ditu paleobotanika, nanozientzia eta minbizia bezalako gaien inguruko puntako ikerketa garatzea helburu duen programa honen bitartez.

Europako Batzordeak Europako Ikerketa Kontseilua sortu zuen 2007an Europan bikaintasunezko oinarrizko zientzia sustatzeko asmoz, ezagutzaren mugan ikertzen jarraitu nahi duten esparru eta nazionalitate guztietako ikertzailerik onenei laguntza emanez. ERCk arrisku handiko ikerketa berritzaileak garatzea xede duten prestigiozko proiektuak finantzatzen ditu. Sortu zenetik, ERCk garrantzi handiko eragina izan du Europako ikerketaren arloan.

Adolfo Morais Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea, Fernando Cossio Ikerbaaque Berrikuntzaren Euskal Erakundearen zuendari zientifikoa, Amaia Esquisabel Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikarako zuzendaria eta Aitziber Lopez Kortajarena eta Thomas Schäfer Ikerbasque ikertzaileak ERCk hamar urteko ibilbidean Euskadin izan duen eragina aurkezteko prentsaurrekoan izan dira astelehen honetan, Bilbon.

Urtean milaka eskaera jasota, eta bikaintasun zientifikoa irizpide bakarra duen nazioarteko ebaluazioa egin ondoren, proiektuen %10-15ek baino ez dute lortzen ERC finantzazioa. Europako Ikerketa Kontseiluaren laguntza jaso duten ekimenek ospe handia izan ohi dute nazioarteko komunitate zientifikoan, esparru zientifiko guztiei zuzendutako laguntza hauek bikaintasunaren adierazletzat jotzen baitira nazioartean.

IKERKETA AURRERATUKO ESKUALDEA

Horrela, Moraisen esanetan, "ERC laguntzak lortzeak Euskadi nazioartean ikerketa aurreratuko eskualdetzat jotzea errazten du, nazioarte mailako euskal ikerketa taldeei eta bertan nazioarteko kategoriako ikerketa garatzeko eskaintzen diren baldintza egokiei erreparatuz".

ERC Grants laguntzek Europako beste erakunde batera joateko aukera ematen die laguntza jasotzen dutenei, proiekturako finantzazioa mantenduz. EAEko hamar urteotan lortutako 23 laguntzetatik, lau Euskaditik kanpo lan egiten ari zirela lortu zituzten ikertzaileek, eta gerora, Euskal Zientzia Sistemako zentroren batera etorri eta proiektua bertan gauzatzea erabaki zuten. Beste hiru proiektu kontrako bidea hartu eta Euskaditik kanpoko erakundeetan garatzen ari dira.

Hiru ERC laguntza mota daude: Starting Grant, lider independenteak bihurtzeko gaitasuna frogatu duten ikertzaile gazteei zuzendutakoa; Advance Grant, asmo handi handiko proiektu aintzindariak dituzten ibilbide emankorreko eta lidergogaitasun bikaineko ikertzaileentzat, eta Consolidator Grant, ikertzaile bikainei lantalde edo ikerketa programa independenteak finkatzen laguntzea helburu duena.