Europako Neurokirurgia Sarearen Bilerak 31 herrialdetako 100 neurozirujau bilduko ditu Bilbon

Neurozirujauen topaketa izango da Bilbon
EUROPA PRESS/JUNTADEANDALUCIA
Actualizado: jueves, 1 junio 2017 12:35

BILBO, 1 (EUROPA PRESS)

European Low Grade Glioma Network Bilbao 2017 europar neurokirugia sarearen bilera egingo da Bilbon ostegun honetatik larunbatera bitartean, eta 31 herrialdetako 100 neurokirurgialari bilduko ditu, tartean, Osakidetzako neurokirurgiako zerbitzu guztietako ordezkariak. Mundu osoko neurozirujau ospetsuek gradu baxuko gliomarekin lotutako alderdi guztiak aztertuko dituzte hainbat ikuspuntutik.

Bilkuraren 12. edizioaren inaugurazio ofiziala ostiralean izango da, ekainaren 2an, goizeko 10:30ean, Bilboko hirigune historikoko egoitzan (BBVA eraikina, San Nikolas plaza 4), Osakidetzak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

European Low Grade Glioma Network (ELGGN) edo Gradu Baxuko Gliomaren Europako Sarea (ELGGN) gaixotasun konplexu horren maneiua eta tratamendua ardatz duten neurokirurgiako espezialisten talde aktibo bat da. Tumore mota bat da glioma, eta ebakuntza baten beharra duten pazienteengan antzemandako tumoreen erdia osatzen du.

Gradu baxuko gliomak, bere kokalekua eta morfologia dela eta, berezko zenbait ezaugarri ditu ikuspegi medikotik. Lehenik eta behin, ebakuntzetan, kirurgia pazientea esna dagoela izeneko teknika erabili behar izaten da: pazientea kontziente egoten da ebakuntza osoan zehar, ahalik eta funtzio neurologiko motor gehienak zaintzeko edo aurreko trebetasun bereziren bat kontserbatzeko.

Gainera, gliomaren garun barruko kokalekuaren arabera, pazientea, tumorea handitu dela eta, hizkuntzarekin edo kalkuluarekin arazoak izatera eta bestelako nahasmendu kognitiboak pairatzera hel daiteke. Gaixoak irakurtzeko gaitasuna gal dezake, letrak edo idatzitako hitzak antzemateko zailtasuna dela eta. Beste batzuetan, galera oso zehatza eta espezifikoa gertatzen da, adibidez, pertsonak ezagutzeko eta haien izenak gogoratzeko ezintasuna.

Paziente elebidunen beste kasuren batean, bigarren hizkuntza ez ahazteko ahalegina egin da, glioma kentzeari lehen aipatutako kirurgia pazientea esna dagoela izeneko teknikaren bidez ekinik. Pazientea kontziente dago ebakuntza osoan, eta test batzuk eta egiaztapen batzuk egiten zaizkio, tumorea erauzten zaion bitartean haren erreakzioak zein diren tokian bertan baloratzeko.

Bilkurak kudeaketa iraunkorraren ereduari jarraituko dio, hau da, bilera eta jardunaldi medikoak haien izaera teknikoari bakarrik lotuko zaizkio, eta eskuarki ekitaldi mota honekin lotutako alderdi komertzialetatik urrunduko dira. Horretarako, erakundeak antolatu duen topaketa mota honetan, bertaratutakoek ez dute izen ematea ordaindu beharko, eta topaketaren edukia streaming bidez zabalduko da, bertaratu ezin direnentzat.

Hizlarien kasuan ere, ez dute inolako pizgarri ekonomikorik jasoko parte hartzeagatik. Hala ere, alderdi teknikoetan enpresek laguntzea onartu da, adibidez, ikus-entzunezko atalean, alderdi sozialean (topaketaren egoitza), ludikoan (Guggenheimera bisita) edo webgunea egitean eta streaming zerbitzua bideratzean. Osakidetzako neurokirurgiako zerbitzu guztiek parte hartu dute lantalde horretan.

IKASTAROA

Bestalde, Europako Neurokirurgia Sarearen Topaketa ostegun honetan hasi da, garuneko substantzia zuriaren disekzioari buruzko ikastaro aurreratu batekin, EHUko Leioako campuseko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean. Ikastaroa oinarrizko disekzioan jada trebatutako hamar neurokirurgialariri zuzenduta dago eta helburua alderdi teknikoetan trebatzea eta zuntzak disekzionatzen trebezia lortzea da, espezialistek garun barruko tumoreei baldintza hobeagoan ekin diezaioten. Ikastaroa fakultateko dekano berriak inauguratuko du, Joseba Pinedak.

Halaber, ostiralean eta larunbatean, topaketa Bilboko egoitzan izango da (BBVA eraikina, San Nikolas plaza, 4). Esperientziak partekatzeko eta gradu baxuko gliomarekin harremanetan dauden gai askori buruz eztabaidatzeko aukera izango da. Aukeratutako gaiak askotarikoak izango dira, adibidez, gradu baxuko gliomaren detekzio goiztiarra eta hura erauztearen ondorioak, edo garunaren plastikotasuna, hizkuntza eta neuro-errehabilitazioa.

Topaketa uneoro jarraitu ahal izango du, streaming bidez, interesa duen orok. Ekitaldiko antolatzaileen kezka handienetako bat ezagutza modu librean eta iraunkorrean zabaltzea da, eta horretarako, hitzaldiak YouTuben ikusi ahal izango dira, mugarik gabe. Gainera, ekitaldiarekin lotuta dagoen guztia webgunearen bidez eta sare sozialen bidez (adibidez, Facebook eta Youtube) jarraitu ahal izango da.