Europar arkitekto gazteek egindako hirigintzako 54 proposamen jaso ditu Getariak Europan programaren baitan

Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 9 febrero 2012 14:27

DONOSTIA 9 Feb. (EUROPA PRESS) -

Europako arkitekto gazteek egindako hirigintzako 54 proposamen jaso ditu Getariak (Gipuzkoa) Europan programaren esparruan. Getaria da, Sestaorekin (Bizkaia) batera, Eusko Jaurlaritzak programa europarraren baitan proposatutako kokalekuetako bat.

Ignacio de la Puerta Jaurlaritzako Etxebizitzako zuzendariak eta Nico Lertxundi Getariako alkateak aurkeztu dituzte Europan 2011 programako Getariarako proiektu irabazleak. Europako arkitekto gazteentzako ideia lehiaketa garrantzitsua da Europan.

Lehiaketa Europako 17 herrialdetan egiten da batera, eta aukera ematen die 40 urtetik beherako arkitekto gazteei berroneratze, hirigintza eta etxebizitza planak diseinatzeko duten talentua eta sormena erakusteko.

Programaren hamaikagarren deialdi honetan, Espainiako Batzordeak, Gobernuko Sustapen Ministerioa buru delarik, sei kokapen aurkeztu ditu lehiaketara, eta horietako bi Euskadin daude, Getaria eta Sestao, hain zuzen ere. Horrela, Jose Lopez Parra, Jose Manuel Calvo del Olmo eta Guillermo Gosalbo Guenot arkitektoek osatzen duen taldeak aurkeztutako Getariarako proiektua izan da irabazle. Epaimahaiko kide izan dira Felix Arranz, Jordi Badia, Juan Domingo Santos, Javier Garcia-German, Gloria Iriarte, Jesus Irisarri, Kristine Jensen, Nuno Ravara eta Gaia Redaelli.

Getariako Potzuaga Gaina eremua aztertu dute aurkeztutako proiektuek. Orubide sozietate publikoak dihardu eragile urbanizatzailea, eta 28 hektarea dituen eremuan babestutako etxebizitzak eraikiko dira.

Kasu honetan, hiri-ingurunea eta medio fisikoa nola lotu aztertu behar izan dute, nola gauzatu hiriaren eta espazio naturalaren arteko trantsizioa, alegia. Soluzio arkitektonikoa eman behar izan diote iparralderantz eraikitako etxebizitza-multzoari, non itsaso-haizeek gogor jotzen duten, bista ikusgarriak badituzte ere. Proiektu honetan, babestutako etxebizitzak direlarik, irizpide bioklimatikoak eta aurrekontu-mugak hartu behar dira kontuan. Arkitekturak gai izan behar du lekuaren berezko ezaugarrien kontraesanei soluzioa emateko.

Saritutako ideia osorik gauzatu daiteke edo zati bat, eta Europan programaren konpromisoa da talde sarituak proiektuaren gauzatze-prozesuko faseren batean inplikatzea.

AHO BATEZ

Hasieran izena eman zuten 86 taldeetatik, 54k aurkeztu dituzte proposamenak, eta horiek aztertu ditu epaimahaiak. Jose Lopez Parrak, Jose Manuel Calvo del Olmok eta Guillermo Gosalbo Guenotek osatutako taldeari aho batez eman dio saria epaimahaiak. Halaber, aipamena izan du Oscar Linares de la Torrek, Marc Bajet Menak eta Pau Bajet Menak osatutako taldeak, eta finalista geratu da Raul Ortega Cresporen taldea.

Saritutako proiektua "La escalera intrusa" da. Oreka zail bati eusten dio proposamen honek, erantzunak ematen baitizkio lehiaketak planteatzen dituen galderei zein proiektuak berak sorrarazitakoei, eta lehiaketan lortutako koherentziari eutsi egin beharko dio "errealitate konplexuaren" baldintzak proiektuan barneratu behar direnean.

Proposamenean badira konponbide ez hain onak (aparkalekuak eta abar), baina horiek aldatu egin daitezke. Alabaina, lurzoruaren okupazio-estrategiari dagokionean, bloke autonomoak daude aurreikusita, espazio kolektiboak sorraraziz elkartuko direnak. Horrek, eszenatoki "urbanoa" planteatzen du, non blokeen arteko elkarrizketak sortzen duen publiko izaera eta ezaugarriek bermatu egiten duten urbano izaeraren gauzarik baliotsuena, beti ere goragoko maila batean piezen multzokatzea inguruan modu probetxugarrian txertatzea eragotzi gabe.

Bi ideia daude eraikitako piezen jatorrian, bata bizi izatea, eta bestea "erantsitako espazioen" kudeaketa. Pieza horiek, arkitektura gisa eta bizitzeko espazio gisa, badituzte ezaugarriak, iraunkor bihurtzen dituenak etorkizuneko "errealitate" batean. Errealitate horrekin egingo dute talka eta hortik abiatuta egokitu beharko dute eta beren tokia aurkitu.

EUROPAN PROGRAMA

Lehiaketaren xede nagusietako bat profesionalen arteko elkartrukatzea eta ideia berritzaileen proposamena sustatzea da, herrietako arkitekturaren eta hirigintzaren kalitate gorena alde batera utzi gabe. Hiriak berroneratzeko proiekturik onenak hautatzea ere bada xedea, Europako eskualde, hiri edo herri baten garapen ekonomikoan, sozialean eta kulturalean lagunduko duten proiektuak, alegia.

Europan programak 40 urtetik beherako arkitekto europarren eskura jartzen du plataforma bat, euren ideiak nazioartean garatu eta ezagutzera emateko.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak, Visesa eta Orubide sozietateen bitartez, eta Getariako eta Sestaoko Udalekin lankidetzan, Getaria eta Sestao proposatu ditu kokaleku gisa.

Ia 14 urte dira Eusko Jaurlaritzak ez zuela zuzenean kokalekurik aurkezten lehiaketara, eta ia zortzi urte Euskadi ez dela aurkeztu lehiaketa honetara.

Sortzaile berriei eta, oro har, sektoreari bultzada emateko, aurtengo edizioan arazo ezberdinak dituzten bi kokaleku proposatu ditu Eusko Jaurlaritzak. Biztanleentzat hiriko espazio galduak berreskuratzea ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzarentzat eta ildo horretatik doaz aurkeztutako bi ekimenak.

Contenido patrocinado