Europar Elkarrizketak proiektuak nazioarteko hizlari bat ekarriko du hilero Donostiara

Actualizado: martes, 27 enero 2015 17:27
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 27 (EUROPA PRESS)

   Globernance Institutuak Donostia 2016rekin eta San Telmo Museoarekin batera garatutako Europar Elkarrizketak proiektuak hilero nazioarteko hizlari bat ekarriko du Gipuzkoako hiriburura, Europako errealitatea herritarrei gerturatzeko helburuarekin. Lehen elkarrizketan Yiannis N. Stamatakos aholkulari politiko greziarrak parte hartuko du, asteazken honetan, urtarrilaren 28an, eta Grezia bizitzen ari den "lurrikara politikoa" aztertuko du San Telmo Museoan.

   DSS2016EUren kultur programaren baitako Europar Elkarrizketak "formatu irekia eta parte hartzailea" duten hitzaldiak izango dira. Bertan, Europar Batasunaren eraikuntzaren proiektuak dituen erronka hurbilenak aztertuko dituzte, eta "Donostia gogoetarako, eztabaida europarrerako eta herritarren partaidetzarako erreferente berritzaile bihurtzeko aukera aurkeztuko dute".

   2015ean eta 2016an hitzaldiak hilero egingo dira San Telmo Museoan, nazioarteko hizlari ezagunen parte hartzearekin. Hizlari horiek esperientzia zabala izango dute kulturartekotasuna, merkataritza, giza eskubideak, ingurumena eta berdintasuna bezalako arloetan, besteak beste.

   Esan bezala, lehen elkarrizketa asteazken honetan egingo da, San Telmo Museoan, 19:00etan, eta Yiannis Stamatakos aholkulari politiko greziarrak hartuko du parte. Joan den igandean Grezian egin diren hauteskunde orokorrak aztertuko ditu.

   Yiannis N. Stamatakos gai publikoen inguruko aholkularia da, eta kanpaina politikoetan eta gobernu mailako harremanetan aditua da. Grezian jaio eta hazita, Politika Zientziak ikasi zituen Reginako Unibertsitatean eta York Unibertsitatean -biak Kanadan-. Halaber, gai publikoei lotutako Nimas Strategies izeneko bere agentzia zuzentzen du. Agentziaren egoitza Toronton dago.

   Datozen hilabeteetan Donostian izango diren hizlarietako batzuk, José Manuel Durão Barroso Europako Batzordeko lehendakari ohia, Anne Hidalgo Parisko alkatea, Antonio Vitorino Europako Batzordearen Justiziako komisario ohia, Fausto Pocar Nazioarteko Auzitegi Penaleko magistratua, Elizabeth Stong AEBetako epaile federala eta Petros Mavroidis ekonomilaria.

   Jardunaldien izaera irekiarekin eta parte hartzailearekin bat etorriz, hiritarrek txostengileari aldez aurretik galderak egiteko aukera izango dute Twitter (@EUdialogues) edo Facebook (European Dialogues) bitartez.