Europaren dimentsio politikoa aztergai asteazkenean Donostian

Actualizado: lunes, 25 mayo 2015 13:51

DONOSTIA, 25 (EUROPA PRESS)

   Globernance Gobernantza Demokratikorako Institutuak, Donostia 2016k eta San Telmo Museoak Europar Elkarrizketak ekimenaren bosgarren saioa egingo dute datorren asteazkenean, maiatzaren 27an, San Telmo Museoan bertan, eta Europaren dimentsio politikoari buruz eztabaidatzea eta sakontzea eta ikuspuntu ekonomikoa gainditzea izango da helburu nagusia.

   Elkarrizketa honetan Edgar Grande soziologo eta irakasleak parte hartuko du, eta Globernance Institutuaren sortzaile Ulrich Beck omenduko dute, joan den abenduan hil baitzen, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

   Globernance Gobernantza Demokratikorako Institutuak, Donostia 2016k eta San Telmo Museoak Europar Elkarrizketak antolatzen dituzte, DSS2016EU kultur hiriburutzaren programaren barne eta San Telmo Museoak 2014an abian jarri zuen "Erronkak" arloaren baitan.

   Ekimenaren antolatzaileen arabera, azken urteotan Europar Batasunak jasandako krisi ekonomiko larria "inflexio puntua izan da" kontinentearentzat, eta horrek intelektualak eta ordezkari publikoak Europaren etorkizuna birpentsatzera bultzatu ditu. "Ekonomia ez ezik, diziplina asko lantzera behartu ditu, ikuspegi ekonomikoak eragindako filia, beldur eta eztabaidak gainditzeko asmoz", azaldu dute.

   Gai horretan sakontzeko, Europar Elkarrizketak ekimenak Globernanceko Kontseiluko kide Edgar Grande Alemaniako soziologo ezagunaren parte hartzea izango du. Grande Europaren biziraupen eta etorkizunerako batasun politikoaren aldeko defentsa sutsua egin duen pertsona da. Halaber, saioak Ulrick Becki egingo dio omenaldia, Globernancen sorkuntzan parte hartzeaz gain, Edgar Granderekin batera "La Europa Cosmopolita" liburua idatzi baitzuen.

   Daniel Innerarity Globernance Institutuko zuzendari eta katedradunaren hitzetan, jardunaldi honetan sortuko diren hausnarketak oso interesgarriak izango dira, izan ere, "gizarteak, azken urteotan, Europaren eraikuntza urrun zegoen gai arrotz moduan ikusi du; garrantzia gutxi zuen gai bezala, alegia. Krisi ekonomiko eta politikoak, aldiz, energiak mugiarazi ditu, bai modu positibo edota negatiboan, kasuaren arabera".

   Doako jardunaldi irekia izateaz gain, streaming bidez jarraitzeko aukera egongo da www.europeandialogues.eu webgunearen bitartez. Era berean, herritar orok ekitaldia hasi aurretik hizlariei galderak bidatzeko aukera izango du, bai Twitter bidez (@EUdialogues), baita Facebook sarearen bitartez (European Dialogues) ere.