EUSKADI.-Abadiñoko Udalak (Bizkaia) berdintasunean oinarritutako jaien aldeko bereizgarriak emango ditu biharko San Blas egunean

Actualizado: martes, 2 febrero 2010 14:22

BILBO, 2 Feb. (EUROPA PRESS) -

Abadiñoko Udalak (Bizkaia) "Jai parekideen alde" goiburua duten bereizgarriak banatuko ditu San Blas jaietan. Ekintza hori Abadiñoko Udaleko Berdintasun Arloarekin batera egindako kanpaina baten barruan dago, eta jaiak berdintasunez gozatzea du helburu. San Blasetako egun nagusia bihar izango da, nekazaritzako eta abeltzaintzako tradiziozko azoka egiten den eguna, alegia.

Berdintasun Arloko zinegotzia den Argi Abadek adierazi duenez, jaiegun hauetan Udalak preserbatiboak ere banatuko ditu; HIESaren aurkako T4 elkarteak eman dizkio preserbatibo horiek, Durangaldeko Mankomunitatean droga-mendekotasunen prebentziorako dagoen zerbitzuaren bidez.

Jaien programan txertatuta dagoen kanpaina honen publizitatearen bitartez, Abadiñoko Udaleko Berdintasun Arloak gogoratu nahi du "zein garrantzitsua den jaiak begirunez gozatzea eta inolako gehiegikeriarik ez onartzea". Era berean, Udalak dei egingo die gizonei eta emakumeei, erantzukizunak elkarren artean bana ditzaten; "izan ere, era horretan, denek denbora bera izango dute, jaiak berdintasunez gozatzeko"

Abadek nabarmendu duenez, "normalean, jaietan emakumeek lan gehiago egin behar izaten dute, bazkariak eta bestelako ospakizunak antolatzen direlako. Hori dela eta, gure ustez, oso komenigarria da gizonak sentibera bihurtzea, etxeko lanak eta adingabeen ardura beren gain har ditzaten. Era horretan, emakumeek aisialdiaz gozatu ahal izango dute".

Bestetik, larunbatean, otsailaren 6an, Abadiñoko Udalak bazkari bat antolatuko du baserritarrak eta eskulangileak diren emakumeentzat, emakume horiek baserri-giroan egiten duten zeregina ikusteko eran jarri eta nabarmentzeko. Badira bost urte Udala bilera hori antolatzen hasi zenetik, eta iaz hamar emakume batu ziren. Bazkaria Soloa jatetxean izango da, eta prezioa 30 eurokoa. Izena emateko, 944669420 edo 662326118 telefono-zenbakietara deitu behar da, eta epea bihar bukatuko da.