EUSKADI.-Abadiñoko Udalak (Bizkaia) Kañabera GKEri lagako dizkio haurrek emandako jostailuak

Actualizado: lunes, 11 enero 2010 15:18

BILBO, 11 Ene. (EUROPA PRESS) -

Abadiñoko Udalak (Bizkaia) urtarrilaren 2, 3 eta 4an Matienako frontoian antolatu zuen Haurren Gabonetako Parkean umeek eman zituzten jostailuak Kañabera GKEri lagako dizkio. Jostailu sexista eta belikoak desagerrarazteko garrantziaz jabetzeko Abadiñoko Udalak antolatutako kanpainaren barruan eman dituzte jostailu horiek.

Udal abadiñoarreko Berdintasun Sailak Haurren Gabonetako Parkean ipini zuen erakustokian utzi zituzten jostailuak haurrek. Horien ordez, heziketa, artea edo ariketa fisikoa indartzen dituzten jolasak jaso zituzten doan: margoak, puzzleak eta sokasaltoko sokak.

Ekimen horren bidez, haurrengan rol sexistak eta portaera bortitzak desagerrarazteak zer nolako garrantzia daukan jakinarazi nahi zaie haurrei eta helduei. "Jolasak garrantzi handia dauka haurren garapenean. Gizarte berdinkidea eta indarkeriarik gabekoa nahi badugu, ezinbestekoa da haurrek ez pentsatzea genero bateko edo besteko jolas espezifikoak daudela", azaldu du Berdintasuneko zinegotzi Argi Abadek.

Udalak, hasieran, jostailu sexistak edo belikoak uzteko eskatu zuen, baina, azkenean, bestelako jostailuak ere jaso dituzte: baloiak eta panpinak, esaterako.

Berdintasun Sailak bildutako jostailuen artean 45 pistola, ezpatak eta gerrako materialaren bestelako erreprodukzio batzuk ere badaude. Genero bati atxikiriko zereginak simulatzen dituzten jostailuak ere badaude: makillatzeko estutxeak, plantxak edo mailuak eta Barbie panpinak. Panpina horrek bereziki emakumearen irudi estereotipatua bultzatzen du.

Berdintasuneko zinegotziak azaldu duenez, jasotako jostailuak askotarikoak direnez, Elorrioko Kañabera GKEri emango dizkio Udalak portaera sexista eta belikoak bultzatzen ez dituztenak. "Badira mailua edo plantxa bat, esaterako, berez sexistak ez direnak eta berdin erabil ditzaketenak neskek eta mutilek, sexu espezifiko bati lotzen ez badiote", adierazi du.