EUSKADI.-Adingabe bat atxilotu dute Bilbon emakume bati zorroa lapurtzeagatik

Actualizado: lunes, 16 marzo 2009 17:49

BILBO, 16 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 15 urteko adingabe bat atxilotu zuten atzo goizaldean Bilbon, lapurreta delitu bat eta identifikatzeari uko egitearen ustezko delitu bat egotzita, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko iturriek gaur jakinarazi dutenez.

Gertakariak atzo goizaldean jazo ziren, 4:00ak aldera, Ibañez de Bilbao kalean. Une horretan, pertsona batek laguntza eskatu zion herritarren segurtasunerako lanak egiten ari zen Ertzaintzaren patruila bati, bere esanetan, kale beretik (apur bat beherago) beste bi gizonezkorekin batera zihoan gazte batek diru-zorroa ostu ziolako.

Taldea atzeman ostean, agenteek identifikatzeko eskatu zieten, baina bik baino ez zuten egin; izan ere, hirugarrenak, hain zuzen biktimak lapurretaren egiletzat identifikatu zuen pertsonak, identifikatzeari uko egin baitzion.

Jarraian, ertzainek susmagarria miatu zuten, badaezpada, ostutako diru-zorroa gainean zeraman ziurtatzeko, baina ez zuten objektu hura aurkitu. Halere, sakeleko telefono bi (HTC eta Motorola markakoak) eta emakumezko baten izenean zeuden kreditu txartel bi atzeman zizkioten.

Hainbat kudeaketa egin ostean, agenteak objektu horietako batzuen (Motorola sakeleko telefonoaren eta kreditu txartelen) jabearekin harremanetan jarri ziren. Hala, pertsona horrek jakinarazi zienez, kale bereko taberna batean zegoela zorroa ostu zioten eta aipatutako objektuak bereak ziren. Susmagarriari poltsa non zegoen galdetu ziotenean, Uribitarte Erranpletan bota zuela onartu zuen eta, denbora apur bat geroago, zorroa aurkitu zuten bertan.

Hori dela eta, ertzainek susmagarria (15 urteko adingabe bat) atxilotu zuten lapurreta delitu bat eta agintaritzaren agenteen aurrean identifikatzeari uko egitearen delitu bat egotzita. Ondoren, polizia egoitza batera eraman zuten.