EUSKADI.-Adingabe bat atxilotu dute Hernanin (Gipuzkoa) lapurtutako auto bat baimenik gabeko gidatzen harrapatu ondoren

Actualizado: martes, 24 febrero 2009 14:36

DONOSTIA, 24 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 17 urteko adingabe bat atxilotu zuten atzo goizean Hernanin (Gipuzkoa), lapurtutako auto bat gidatzen harrapatu baitzuten. Autoak hesi baten kontra jo zuen, agenteak GI-131 errepidetik eta Hernaniko herri barrutik segika ibili ostean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Atzo goizean, 9:30ak aldera, eskolta batzuk Ertzaintzarekin harremanetan jarri ziren, Astigarragan, Hernanirako noranzkoan, susmagarri iruditu zitzaien Opel Kadett bat ikusi zutelako. Jarraian, Ertzaintzak hainbat egiaztapen burutu zituen eta autoa otsailaren 15ean Donostian ostu zutela jakin zuen.

Horren aurrean, autoaren bila hasi ziren eta, minutu batzuk geroago, GI-131 errepidean atzeman zuten, Urnieta eta Hernani artean, Mandazubiko biribilgunearen parean. Agenteek sirenak eta birakariak aktibatu zituzten eta gidariari gelditzeko agindua eman zioten. Halere, ez zuen jaramonik egin eta abiadura handiz alde egin zuen. Hortaz, agenteek atzetik jarraitu zioten, susmagarriak gidatzen zuen autoak, Elizatxo auzoan, hesi metaliko baten kontra jo zuen arte. Autoan zihoan bidaiari bakarra oinez ihes egiten saiatu zen, baina atzeman eta atxilotu zuten.

Atxilotuak 17 urte ditu eta, beraz, ez du gidabaimenik. Halere, 2006ko abuztuan ere lapurtutako ziklomotor bat gidatzeagatik atxilotu zuten.