EUSKADI.-Adingabe bi atxilotu dituzte Bilbon sute batek eragindako kalte delitu baten ustezko egileak direlakoan

Actualizado: viernes, 26 febrero 2010 18:08

BILBO, 26 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek adin txikiko bi atxilotu zituzten atzo iluntzean Bilbon, sute batek eragindako kalte delitu baten ustezko egileak direlakoan, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Atzo iluntzeko 20:30ak aldera, Bilboko Blas de Otero kalean hainbat kontainerri su eman berri zietela zioen abisua jaso zuen Ertzaintzak. Inguruetan aparkatuta zeuden hainbat ibilgailu kalteak jasateko arriskua omen zuten.

Bertaratu ziren agenteek bi kontainer aurkitu zituzten sutan, bata Blas de Otero kalean eta bestea, Francesc Macia kalean. Segidan, horietako baten ondo-ondoan zegoen moto bat kendu zuten handik agenteek.

Sutea nola eman zen ikusi zuten hainbat lekukok ertzainei adierazi zienez, gazte bik, sutan zegoen zerbait jaurti omen zuten kontainerren barnera. Handik minutu gutxira aurkitu zituzten bi gazte susmagarriak Rafael Ibarra kalean eta identifikatu bezain laster, atxilotu egin zituzten.

15 eta 14 urteko adingabe biek nahita eman zieten su ustez kontainerrei eta hortaz, suteak eragindako kalte delitu bat egotzi zieten. Gainera, gazteetako batek ertzain bati eraso zion eta iraindu egin zuen. Atxikitzea lortu zutenean, ustezko irain eta atentatu delitu bana ere leporatu zizkioten.