EUSKADI.-AEK-k jarri du abian udan euskara ikasteko ikastaroetarako kanpaina, "Garena ikasteko biderik laburrena" goiburupean

Actualizado: martes, 16 junio 2009 15:10

BILBO, 16 Jun. (EUROPA PRESS) -

AEK Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak dagoeneko zabalik du matrikula epea udan euskara ikasi nahi duen ororentzat, aukera ezberdinak eskaintzen dituelarik euskaltegi eta barnetegietan. "Garena ikasteko biderik laburrena" goiburuarekin, ikastaroak uztailean, abuztuan eta irailean izango dira herri euskaldunetan kokatutako barnetegietan eta AEKren euskaltegietan.

Horrela, ikastaro trinkoek etxetik hurbil euskara ikasteko, urtean ikasitakoa hobetzeko edo maila ofizialak edo EGA lortzeko balioko dute. Ikastaro hauetako batzuek diru-laguntzak jasotzen dituzte. Udako barnetegiei dagokienez, udan euskara ikasteko eta hobetzeko "modurik politena" dela azaldu dute AEK-ko arduradunek. "Euskara ikasteko, txangoetarako, ekintzetarako, lagun berriak egiteko eta, azken batean, egun osoan euskaraz bizitzeko aukera", adierazi dute.

Familientzako barnetegiak ere izango dira, guraso eta seme-alaben artean euskaraz aritzeko ohitura sendotzeko. Begirale-hezitzaile prestuek seme-alabak zainduko dituzte gurasoak eskolan dauden bitartean.

Barnetegi ibiltariek mintzapraktika egin bitartean Euskal Herriko lekurik ederrenak ezagutzeko balioko dute. Euskaraz herriz herri ibili eta tokian tokiko euskalkiak eta ohiturak ezagutzeko aukera emango dute, bizikletaz edo oinez. Gainera, aurten xiberera ikastaroa izango da, Zuberoako euskalkia ikasteko ikastaroa, alegia.