EUSKADI.-Afganistan.-Gutxienez 28 lagun hil dira eta ehunka harrapatuta daude Afganistago tunel batean izandako elur-jausiengatik

Actualizado: martes, 9 febrero 2010 13:42

KABUL, 9 Feb. (Reuters/EP) -

Gutxienez 28 pertsona hil dira eta ehunka harrapatuta daude bart gauetik tenperatura hotz-hotzekin, Afganistango iparraldea Kabul hiriburuarekin lotzen dituen errepide garrantzitsu baten tunel batean izandako elur-jausien ondorioz.

Hindu Kush mendikatea gurutzatzen duen Salang errepidean harrapatuta dauden bidaiariak telefonoz adierazi dute hotzak akabatzen daudela eta ibilgailuen kearekin itotzen ari direla. Halaber, hildakoz beteriko ibilgailuak ikusi dituztela gaineratu dute.

600 bat soldaduk eta poliziak eta larrialdietako langileek harrapaturiko 1.500 lagun erreskatatu dituzte jada, tartean 70 zauritu, Defentsa Ministerioak oahr batean jakinarazi duenez, hildakoak oraingoz 28 direla gaineratuz.

Elur-ekaitz handien ondorioz sorturiko elur-jausiek Salangeko tunela blokeatu dute. Tunelak 2,6 kilometroko luzera dauka eta errusiarrek eraiki zuten, azpikontinente Indiarra Asia Erdialdearekin lotzeko 3.400 metroko altitudea duen pasabide bihurri menditsu baten bidez.

"Bost gorpu ikusi ditut gure atzean aparkatuta zegoen auto baten, eta orain arte Gobernuak ez du behar beste egin gu salbatzeko", deitoratu du Reuters berri-agentziarekin telefono bidez izan duen solasaldi batean tunelean harrapatuta dagoen Qazi Azhar epaile afganiarra.

Beste bidaiari batek, Ghulam Yahya izenekoak, tunelean harrapatuta dauden pertsonek ibilgailuetako kearekin arazoak dituztela adierazi du. "Beste asko hil egingo dira garaiz laguntzen ez badituzte", ohartarazi du.

Hamid Karzai Afganistango presidentea atsekabea agertu du hildakoengatik eta Gobernuko kideei agindu die behar den guztia egiteko bidea berriro irekitzeko.

Abdul Mateen Edraak Hondamendien aurrean Prestatzeko Zentro Nazionaleko zuzendariak adierazi du beldur handia dietela harrapatuta dauden pertsonek jasango dituzten tenperatura baxuei. "50 bat autok muturreko tenperaturak jasan beharko dituzte eta horiek kezkatzen gaituzte, baina tunelaren barruan daudenak ez daude hain gaizki", azaldu du.

"Jendeak 24 ordu daramatza han harrapatuta eta elur-jausi gehiago ez badago eguna bukatu aurretik erreskatatzea lortuko dugu", zehaztu du. Edraaken arabera, orain arte 17 elur-jausi izan dira eta 200dik gora kamioi, autobus eta auto harrapatuta daude tunelaren barruan, erreskateko lanak zailduz.