EUSKADI.-Agortu dira Michel Camilok Getxo Jazz jaialdian bihar eskainiko duen kontzerturako sarrerak

Actualizado: jueves, 2 julio 2009 13:49

BILBO, 2 Jul. (EUROPA PRESS) -

Duela sei urte gertatu zen moduan, Michel Camilo pianista ospetsuak Getxoko Nazioarteko Jazzaldian bihar eskainiko duen saiorako sarrerak agortu dira jada. Artista dominikarraren hirukotea Algortako Biotz Alai plazan ariko da bihar, 22:30etik aurrera, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Camiloren aurretik, Points laukote txekiarra izango da leku berean, 21:30etan. Dixie Gunean (Algortako Geltokia plaza), berriz, Marmara Dixieland Band taldea ariko da 18:00etan eta Hirugarren Milurtekoa atalean, (Getxo Antzokia plaza, 19:00etan), KB Connection boskotea. Azkenik, ohi bezala, Algortako The Piper's Irish Pub aretoan 'jam session' bat izango da Michel Camiloren saioa amaitu eta gero.

Teknika bikaineko piano-jotzailea eta bere melodiak Karibeko erritmoekin eta jazzeko armoniekin gozatzen dituen konpositorea da Michel Camilo. Santo Domingon jaio zen, Dominikar Errepublikan, 1954an, eta lehenengo pieza bost urte zituela idatzi zuen. Musika Kontserbatorio Nazionalean ikasi zuen eta bertan piano irakasle titulua lortu zuen oso gaztea zela. 16 urterekin bere herrialdeko Orkestra Sinfoniko Nazionaleko kidea zen.

Musika arloan zituen mugak zabaldu nahian, 1979an New Yorkera joan zen Juilliard eta Mannesen eskoletan ikasten jarraitzeko. "Why Not!" lanak arrakasta handia lortu zuen Paquito D'Riverak grabatuta eta Grammy bat irabazi zuen 1983an Manhattan Transfer taldeak egin zuen ahotsezko bertsioak. 1985ean Carnegie Hall-en hirukoan debutatu zuen New Yorken eta 1986an, Europako jazzaldietarako buru bihurtu zen. Orduz geroztik ospetsua da eta aurkezpenak egiten ditu AEBetako, Karibeko, Japoniako eta Europako agertokirik nagusienetan.

Musika estilo desberdinekiko duen zaletasuna dela eta, zenbait lankidetza egin ditu Espainian: Ketama taldearekin, Ana Belenekin eta Tomatitorekin. Jazz latindarrari buruz Fernando Truebak egindako "Calle 54" filman ere parte hartu zuen. Pianoan egindako ibilbidean eragin ugari izan du: Art Tatum, Oscar Peterson eta McCoy Tyner -horren musikak erakarri zuen jazzera-, Keith Jarrett, Bill Evans, Chick Corea, Ahmad Jamal, Sonny Clark eta Erroll Garner.

Bere alderdi klasikoan Michel Camilok Beethovenekin hasi eta Chopinengana artekoak jaso ditu, Debussytik Ernesto Lecuonara artekoak, eta guztiak gogorarazten ditu bere teknika pianistiko bikain eta finean eta konposatzeko egituraren zentzu dinamikoan. Horrek guztiak bat egiten du eta Michel Camilok bere aztarna uzten du jotzen eta idazten duen nota bakoitzean.