EUSKADI.-Ahoz Aho II. Jaialdia hasiko da bihar Ordizian (Gipuzkoa) eta hainbat ekitaldi eskainiko ditu martxoaren 18ra bitartean

Actualizado: viernes, 5 marzo 2010 15:33

DONOSTIA, 5 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ordiziak (Gipuzkoa) Ahoz Aho Jaialdiaren bigarren edizioa ospatuko du bihar hasi eta datorren martxoaren 18ra bitartean, ekitaldiz beteriko egitarauarekin. Belen Maiza Ordiziako Udaleko Kultura zinegotziak eta May Gorostiaga eta Esther Poveda aktoreak aurkeztu dute aurten bi berritasun ekarriko dituen egitaraua: ikastetxeetan eskainiko diren saioak eta gurasoei zuzendutako ikastaroa.

Ia bi astetan zehar, ahozko tradizioko kontakizunak, literatur narrazioak, joko eszenikoa, poema musikatuak, deklamatutako bertsoak, hitz-jokoak, magia, nazioarteko ipuin eta kondairak haur eta helduentzat munduko aktore eta ipuin-kontalariek aurkeztuta izango dira Ordizian, besteak beste.

Horrela, bihar, Kandelen Argipean taldeak "El oraculo del cuento" lana aurkeztuko du Plaza Nagusian 19:00etan hasita. Martxoaren 11an, Ixabel Millet ipuin kontalaria ariko da Urdaneta ikastetxean 10:00etan eta Jakintza ikastolan 11:15ean.

Halaber, martxoaren 12an, Kandelen Argipean taldeak ipuin kontaketak eskainiko ditu Urdaneta ikastetxean 10:00etan eta Jakintza ikastolan 11:15ean. Gainera, gaueko 22:15ean, Ahozkotasunaren Jaialdi Handia izeneko saioa izango da Herri Antzokian, Antonio Gonzalez Beltran (Valentzia), Mercedes Carrion (Peru), Jhon Ardila (Kolonbia), Ana Torrellas (Venezuela), Ana Cristina Herreros (Madril), Jerman Argueta (Mexiko), Ixabel Millet (Euskal Herria), Kandelen Argipean (Euskal Herria) eta Iñaki Carreteroren (Euskal Herria) partaidetzarekin.

Hurrengo egunean, martxoaren 13an, ipuin kontaketak izango dira Barrena Kultur Etxean, 18:00etan hasita, Mercedes Carrionen eta Jerman Arguetarekin; martxoaren 14an, aldiz, toki berean, Ana Torrellas eta Mariano Martinez izango dira ipuin kontaketen protagonistak, baina 12:00etatik aurrera.

Bukatzeko, martxoaren 15etik 18ra arte, gurasoentzako ipuin ikastaroa izango da Barrena Kultur Etxean, "Zergatik, zer eta nola kontatu ipuinak haurrei" izenburupean. Kontu-Kantoi taldeko Beatriz Egizabalek emango du ikastaroa.