EUSKADI.-Akitania-Euskadi Plataforma Logistikoak hainbat ekitalditan parte hartuko du otsailean zehar

Actualizado: lunes, 1 febrero 2010 11:44

BILBO, 1 Feb. (EUROPA PRESS) -

Akitania-Euskadi Plataforma Logistikoak (AEPL) otsailean zehar hainbat ekitalditan parte hartzea aurreikusi du. Horietako bat, Santanderren eta Gijonen artean Feve konpainiako Expreso de la Robla trenean antolatuko den Surco ikastaroa izango da, elkarteko iturriek gaur jakinarazi dutenez.

Halaber, bihar eta etzi, Intermodes Bidaiarien Garraiorako Intermodalitateari buruzko I. Topaketan izango da AEPL, Bruselan. AEPLren jarduera-esparrua beti merkantziak izan badira ere, intermodalitatea ere bere lehentasunezko lan ardatzetako bat da, eta ondorioz, "interesgarria" iruditu zaie plataformarko arduradunei bidaiarien garraioari dagokionez esparru horretan izan litezkeen berrikuntzak ezagutzea.

Gainera, Mediterraneoko Garraioei eta Europa Barneko Garraio Sareei buruzko Mintegian ere izango da ostegun honeta Akitania-Euskadi Plataforma Logistikoa, Murtzian. Itsas Eskualde Periferikoen Batzarrak eta Mediterraneoko Garraioa lan-taldeak osatzen duten Mediterraneoko Batzordearen esparruan antolatu da mintegia, eta Mediterraneoko bi isurialdeetako eskualdeetako hainbat garraio arduradunen parte-hartzea izango du.

Bestalde, Stockholmen otsailaren 23tik 25era arte egingo den Green Port Logistic Portuei eta Ingurumenari buruzko Nazioarteko V. Biltzarrean parte hartuko du AEPLk. EcoPorts Fundazioak eta ESPO Itsas Portuen Europako Erakundeak antolatuko dute jardunaldia. Gai nagusia kate logistiko iraunkorrean karbono dioxido isuriak neutralizatzearen garapena izango da, eta otsailaren 24an eta 25ean, GreenPort 2010 Conference egingo dute.

Azkenik, Logistop mintegi teknikoan izango da AEPL, Madrilen. Espainiako plataforma logistikoen ikuspegi globala eskainiko du topaketak, eta horretarako, gaiaren inguruko adituek garapen logistikoko plan nazionalak eta eskualdeetakoak jakinaraziko dituzte, eta plataforma logistikoen irisgarritasun arazo nagusiak eta konponbideak azalduko dituzte.