EUSKADI.-Alejandro Bustamante biolinistaren eta Jose Enrique Bagaria pianistaren kontzertua izango da bihar Bilbon

Actualizado: miércoles, 25 marzo 2009 11:55

BILBO, 25 Mar. (EUROPA PRESS) -

Alejandro Bustamante biolin-jotzaileak eta Jose Enrique Bagaria pianistak kontzertu bat eskainiko dute bihar BilbaoMusika erakundeko auditorioan, 19:30etan hasita, eta Mozarten eta Brahmsen obrak interpretatuko dituzte. Musika klasikoan etorkizuna duten bi musikari gazteen emanaldia BilbaoMusikaren eta Espainiako Juventudes Musicales elkartearen arteko lankidetzan kokatzen da, antolatzaileek azaldu dutenez.

Madril, Zaragoza eta AEBetako Indianako Unibertsitateko kontserbatorioetan ikasi ondoren, Alejandro Bustamante biolinista (Madril, 1986) Alemaniako Friburgora joan zen bere prestakuntzarekin jarraitzeko. Espainiako Juventudes Musicales elkarteak antolatutako Lehiaketa Iraunkorraren irabazlea izan zen 2005ean, ganbera musikako atalean, eta iaz, arkuko musika tresnetan. Bakarlari bezala RTVEko Orkestra Sinfonikoan aritu izan da eta duela gutxi Bilboko Euskalduna Jauregian izan zen, "Musika-Musica" egitarauan.

Bestalde, Jose Enrique Bagariak (Bartzelona, 1978) Bartzelona, Paris, Madril eta Munich hirietako kontserbatorio eta musika eskoletan egin ditu bere ikasketak Alicia Larrocha bezalako maisuekin. Beste batzuren artean, Maria Canals (Bartzelona 2006) Nazioarteko sariduna, World Piano Competition (Cincinnati, AEB, 1990) sariduna eta Vianna da Motta (Lisboa 2004) pianoko nazioarteko sariduna da.

Biharko emanaldian, konplexutasun handiko piezak interpretatuko dituzte Bustamantek eta Bagariak, hala nola, Wolfgang Amadeus Mozarten "Biolin eta pianorako sonata Sol maiorren", Eduard Toldraren "Sei soneto", Johannes Brahmsen "Scherzo" eta Cesar Francken "Sonata La maiorrean".