EUSKADI.-Anjel Lertxundik irabazi du 2008ko Beterriko Liburua literatur saria, "Zoaz infernura, laztana" liburuagatik

Actualizado: lunes, 4 mayo 2009 16:25

BILBO, 4 May. (EUROPA PRESS) -

Anjel Lertxundi idazle eta euskaltzain urgazleak 2008ko Beterriko Liburua literatur saria irabazi du, "Zoaz infernura, laztana" lanarekin. 111 Akademiako kideek erabaki dute saria zein libururi eman, eta sari banaketa maiatzaren 7an egingo da, Zizurkilen (Gipuzkoa), antolatzaileek azaldu dutenez.

Horixe izan da joan den urtarrilaren amaieran abian jarri eta Liburuaren Nazioarteko Egunean amaitu zen aukeraketa prozesuak utzi duen emaitza. Hiru bozketa txanda behar izan dira 2008ko saritua aukeratzeko, eta 81 euskal irakurlek hartu dute parte prozesu horretan, guztiak 111 Akademiako kideak.

Lehen bozketa txandan akademiakideei 2008an irakurri zituzten liburuetatik gogokoen zutenaren aldeko botoa emateko eskatu zitzaien; lehenengo txanda hartan saridun izendatuko zen obrak jasotako botoen %30 eskuratu behar zuen baina ez zen halakorik gertatu. Hori dela eta, 111 Akademiak bigarren bozketa txanda jarri zuen martxan.

Bigarren saio hartan akademiakideei zera eskatu zitzaien: lehenengo bozketa txandan boto gehien jaso zuten lehenengo bost obren artetik baten aldeko botoa eman zezatela. Joan Mari Irigoienen "Bestea da mundua", Kirmen Uriberen "Bilbao-New York-Bilbao", Jon Martinen "Ero", Fernando Morilloren "Suminaren estrategia" eta Anjel Lertxundiren "Zoaz infernura, laztana" izan ziren bigarren bozketa txandara pasa ziren obrak.

Alabaina, bigarren hartan ere ez zen obrarik egon saritu izendatzeko lortu beharreko botoen %40 eskuratu zuenik; beraz, hirugarren eta azken bozketa txandan, bigarrenean boto gehien jaso zuten lehenengo bi obretatik bat aukera zezatela eskatu zien 111 Akademiak bere kideei: Kirmen Uriberen "Bilbao-New York-Bilbao" edo Anjel Lertxundiren "Zoaz infernura, laztana". Azkenean, gipuzkoarra izan da nagusi 16 botoko aldearekin.

BIGARREN ALDIZ

Horrela, Anjel Lertxundi da 1996an Manuel Larramendi Kultur Bazkunak abian jarri zuen Beterriko Liburua literatur saria bigarren aldiz irabazi duen lehen idazlea; 2002an ere idazle oriotarraren obra bat izan zen irakurleen artean gogokoen suertatu zena, "Zorion perfektua", hain zuzen ere.

Urte hartan Beterriko Liburua aukeratzen zuten irakurleak Epaimahai Orokorrean biltzen ziren; 2007an, ordea, Larramendi Bazkunak 111 Akademia sortu zuen, euskal irakurleen lehenengo akademia, saria aukeratuko zuten irakurle kopurua handitu eta Euskal Herri osora zabaldu asmoz.

30 akademiakiderekin hasi zuen bere ibilbidea 111 Akademiak, eta egun 129 kide ditu, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroan banatuak. Aurrerantzean ere akademiakide berrien bila jarraituko du 111 Akademiak, euskal irakurleei euskal literaturan paper aktiboago bat jokatzeko aukera ematen saiatuz.

Behin sariduna aukeratuta, irabazleari saria ematea besterik ez da geratzen, eta maiatzaren 7an izango da hori, Zizurkilgo Olentzo jatetxean 19:30etatik aurrera ospatuko den sari banaketa ekitaldian. Anjel Lertxundirekin batera, bertan izango dira Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako jarduneko sailburuorde Patxi Baztarrika, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari Estibalitz Alkorta eta Zizurkilgo alkate Maria Anjeles Lazkano, baita 111 Akademiako behin-behineko buru Eloi Egibar eta Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko lehendakari Jon Unanue ere. Kemen Lertxundi abeslari eta poeta ondarrutarraren doinuek jantziko dute ekitaldia.