EUSKADI.-Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute bihar Bilbon bi muntaiarekin eta bi antzezlek irakurriko duten mezuarekin

Actualizado: jueves, 26 marzo 2009 13:54

BILBO, 26 Mar. (EUROPA PRESS) -

Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatuko du bihar Bilboko Kultura eta Hezkuntza Sailak antzerki amateurrari eskaintzen dion "Zirkuitua" programaren bitartez. Honenbestez, Totum konpainiak "En petit comite" obra antzeztuko du San Frantziskoko Udaltegian (19:30etan) eta ondoren, Artelan Berreginen Museoan, nazioarteko mezua irakurriko da eta "El pincel flamenco" musika eta 'bodypainting' (gorputz biluzien gaineko pintura) ikuskizun original bat taularatuko da. Bi kasuetan doakoa da sarrera baina gonbidapenak aurrez jaso beharko dira udaltegian edo museoan.

Totum taldearen "En petit comite" antzezlanean, moda edo edertzeko tratamenduak bezalako gaien inguruan hitz egiteko batzen diren lagun taldearen bitartez, emakumeak beren burua nola ikusten duten erakusten da. Luz Mundiñano, Carmen Perez, Eli Marañon, Pepi Martin, Mari Carmen Villegas eta Mari Carmen Martinez dira antzezleak, Maria Urzelairen zuzendaritzapean.

Ordubete beranduago, 20:30etan, Artelan Berreginen Museoan izango du jarraipena Antzerkiaren Nazioarteko Egunaren festak. Bertan, dantza, pintura eta erritmo andaluziarrak batuko dituen ikuskizun berria izango da. Maya Bodi marrazkilariak flamenko musikaren inspirazioarekin sortutako emozioak marraztuko ditu Allaitz Barrenetxearen gorputz biluzian, "Pincel flamenko" ikuskizunean.

Flamenkoaren baliabide klasikoak (gitarra, kajoia eta ahotsa) pianoa eta biolinarekin nahasten ditu ikuskizunak, eta flamenko dantzaren gorputzaren adierazpena marrazkilariaren inspirazioarekin eta trebetasunarekin lotzen ditu.

Ikuskizun honen atsedenaldian, 21:00ak inguruan, Augusto Boal brasildarrak idatziriko Antzerkiaren Nazioarteko Eguneko mezua irakurriko dute Itziar Lazkano eta Justi Larrinaga aktoreek. Egunerokotasunean antzerkiak duen lekuaz hausnarketa egiten du Boalek mezuan. "Guztiok gara antzezleak" dio Boalen manifestuak eta gizarte eredua eraldatzeko lanetan guztion ahalegina behar dela.